Atxilotuak torturatu ditzaketen beldur dira senideak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 24a, 17:08

Imanol Beristain eta beste hamahiru atxilotuen senideak bere "kezka, beldurra eta mina" agertu dute gaur Bilboko Arriaga antzoki aurrean eginiko prentsaurrekoan (mp3). Euri zaparradapean, eta begietan nekez malkoei eusten, haien senideak inkomunikazio egoeran eta tortura arriskupean egoteak sortzen dien egoera islatu dute. Horren aurrean, eta inolako informaziorik ez dutela, haien senideak zuzenean epailearengana eramatea eskatu dute. Era berean, komunikabideen aldetik jada "akusatuak eta epaituak" izan direla salatu dute. 300 lagunen babespean, seme-alaben eta anai-arreben duintasuna aldarrikatu dute: "Ez dira lapurrak, ez dira bortxatzaileak, ez dira delinkuente batzuk". Oso bestelako iritzia dute gertukoez: "askatasun nahia adierazten duten gazteak" dira. Urriaren 30ean Donostian egingo duten torturaren aurkako manifestaziora deitu dute senideek. Ertzaintza senideengana hurbildu da eta pertsona bat identifikatu du. Bestalde, Itzubaltzeta / Romon 210 bat lagunek eskatu dute atxilotuen askatasuna. Bihar ere, 20:00etan egingo dute manifestazioa.

Senideek irakurritako oharra

Lehenik eta behin, gure senideek bizi duten inkomunikazio egoerak sortzen digun ezinegona, kezka, beldurra eta mina konpartitu nahi dugu euskal jendartearekin. Egun, oraindik orain, egoera hau jasan behar izateak, maila goreneko larritasuna sortu behar lioke oinarrizko giza eskubideekiko gutxieneko begirune bat duen orori. Zintzoki pentsatzen dugu, inkomunikazioak eta torturak indarrean jarraitzen badute, berau gainditzeko borondate nahikorik ez dagoelako dela. Zentzu honetan, ditugun erakunde eta instituzioek giza eskubideekiko duten diskurtsoaren eta praktikaren artean dagoen amildegiaz gogoeta egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

Gure senideak libre nahi ditugu, gurekin, etxean. Une latz hauetan gutxienez berehala epailearen aurrera eraman ditzatela eskatzen dugu. Eskari hau ez dadila soilik gurea izan, giza eskubideekin konpromiso minimo bat duten eragile eta instituzioen exijentzia izan dadila, nazioarteko zuzenbidea eta eskubideen zaintzarako neurriak aintzat hartuz.

Operazio hau goizeko ordu txikietan burutu da. Polizi hedapen izugarri eta komunikabideen presentzia harrigarri batekin. Ez dugu gure senideen inguruko inolako informaziorik jaso. Soilik komunikabideetan ikusi ditugu haiei buruzko albisteak. Gure senideak dagoeneko akusatuak eta epaituak izan dira komunikabideen eskutik.

Herri honetan gazteak era masiboan atxilotzen dituzte, inkomunikatu, espetxera eraman, auziperatu eta kondenatu. Askatasun nahia adierazten duten gazteak herri honetan pertsegituak, atxilotuak eta torturatuak izatea ohikoa bilakatu da. Gure seme alabak ez dira lapurrak, ez dira bortxatzaileak, ez dira delinkuente batzuk. Gure senideak pertsona eskuzabalak dira. Arazo sozialekin konprometituak, eta beren ideiekiko koherenteak dira. Hori da gure senideak atxilotzeko arrazoi bakarra.

Herri honetan bizirik dagoen askatasun nahia hesitzeko estrategia da, zigorgabetasun osoz, bortxaz eta oinarrizko eskubideak urratuz burutzen dena. Herri honek ezin du permititu bere gazteriak errepresio bortitz hau jasaterik. Benetako soluzioak beharrezkoak dira barrabaskeria honekin bukatzeko. Benetako bakea, justizia eta demokrazia betirako ekartzeko.

Operazio batean, argi ikusten da Espainiako Estatuak Euskal Herrian salbuespen egoera lekutu duela, oinarrizko giza eskubideak, eskubide zibilak eta politikoak ordu gutxitan urratzen baitira era masiboan. Adierazpen hau egiterakoan, ez gara iritzira ari hizketan. Nazioarteko giza eskubideen deklarazio unibertsala eta eskubide zibil eta politikoen nazioarteko hitzarmenetan oinarritzen gara hau esateko orduan: Inori ez zaizkio tratu txarrak emango, inor ez da torturatuko, inori ez zaio gizatiarra ez den traturik emango. Inor ez da arbitrarioki atxilotua izango, desterratua edo espetxeratua. Pentsamendu askatasuna, iritzi eta adierazpenerako askatasuna, elkartzeko eta manifestatzeko eskubidea.

Eskubide hauek guztiak era sistematiko eta masiboan Estatu aparatuen eskutik urratzen dituen Estatu bat, ez da demokratikoa, ez da zuzenbidezkoa: Estatu poliziala da.

Herritargo zabalari gurekin batera egoera hau salatzeko gonbidapena egiten diogu. Egunotan gurekin batera kalera ateratzeko, dauden mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu hemendik. Gizarteko eragile eta instituzioei, egoera honekin amaitzeko konpromiso irmoak eskatzen dizkiegu.

Bat egin nahi dugu eta dei egin, urriaren 30ean Donostian izango den Torturaren aurkako manifestazioan parte hartzera. Gu han izango gara, halakorik gehiago ez gertatzeko, oinarrizko eskubideen alde. Egoera hau jasaten duten azken herritarrak izan nahi dugu.

Bilboko agerraldia iruditan



Bilboko Branka digitalak espainolez eginiko bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun