Bestalde, txarteletan "eman duzun laguntzarekin giza eskubideak eta presoen eta iheslarien duintasuna bermatzeko urratsa eman duzu" eta "zure eta guztion konpromisoarekin sakabanaketa eta bere eraginak gaindituko dugu" bezalako testuak agertzen ei ziren. Zantzu horietan oinarrituz, Fernandezi erakunde terroristari laguntza ematea leporatu eta sei urteez gain, 6.000 euroko isun bat ezartzea eskatu du fiskalak.
Bahitutako militantea
Lander Fernandez Arrinda 2003an atxilotu zuten Frantzian, ETAko kidea izatea leporatuta. 2008ko urtarrilaren 22an aske gelditu zen espetxe zigorra bete ostean. Otsailaren 9an ongi etorria egin zioten Santutxun 400 bat auzokidek. Ertzaintza haien aurka oldartu zen eta hiru pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten zauri larriekin. Abuztuan, ordea, Guardia Zibilak gelditu zuen bihar epaituko duten aferan.
2009ko ekainean, berriz, Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu zuen Madrilgo Barajas aireportuan, Venezuelatik bueltatzen zela, Ertzaintzak kaleratutako agindu bati jarraiki. Bi aste lehenago kalez jantzitako hainbat ertzainek bahitu, jipoitu eta informazioa ematen kolaboratzeko eskatu ziotela salatu zuen publikoki santutxuarrak. Urte bereko uztailean kaleratu zuten, senideek 40.000 euroko fidantza ordaindu ostean.