Iñigo Fernandez de Martikorena: "Urriaren 25eko festa"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 25a, 12:13

Gaur jaia da. Edo, gutxienez, hori esan digute. Premisa horretatik abiatzen ez denak nekez sinistuko luke kaleko jarduera ikusita. Tabernak zabalik. Dendak irekita. Umeak ikastola zein eskoletara joaten, kopetilun, ama eta aitaren lasaitasunerako. Udal bulegoek pertsiana altxatuta, eta jairik galtzen ez duten udal langileak lanean. To eta ño. Antonio Basagoiti "peperoak" eskatuta, Patxi Lopezen PSE-EEk izendatu zuen gaurkoa Euskadiko jaia lez, 1979an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomia Estatutua erreferendum bidez onartu zela ospatzeko. Zaldieroaren Napoleon Lopezen Normaltasun Iraultzaren barruko beste bataila bat. Irabazitako beste bataila bat. Argazkian, Lopez Madrilen, hitzaldi batean, publiko artean Ares eta Basagoiti dituela / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

Gaur, baina, festa dute laster transferituko dituzten Inem-eko bulegokoek eta, jakina, horra joan behar diren langabetuek. Jaia ere da Gizarte Segurantzako lokaletan, ohi duten erritmo japoniar mesianikoa gelditzeko era bakarra edo.

Berdin berdin, Gernikako (horretarako Lumo baztertzen ohi dute) Estatutuaz gain, bazituzten gaurkoan beste hainbat aitzakia festa egiteko. Adibidez, 1839an, Bergarako Besarkada eta bi hilabete geroago onartutako Hego Euskal Herriko probintzien foruen gaineko Espainiako legea. Lege Zaharrak baieztatzen zituen horrek "Monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe" jarri zuen baldintza, burujabetasun hondarrak urardotuz.

Bide beretik jarrita, ospa zezaketen Ibarretxe lehendakariari Espainiako Kongresuko ateez emandako danbada, Eusko Legebiltzarreko gehiengoz berak horraino eramandako Estatutu Politikorako Proposamena ofizialki 2003ko gaurko datan aurkeztu baitzuen. Era berean, 2008ko urriaren 25a ere ospatu zezaketen gure konstituzionalistek, Ibarretxeri berari kontsulta egitea debekatu baitzioten. Debeku horrek "Lau Haizeetara" telesaiotik hona Euskal Herrian sortu diren helikoptero argazkirik onenak utzi zizkigun akorduan.

Gura duten data zeukaten gaur hartzeko, aipatutakoak zein ahaztutakoak ere, berdin-berdin gaur milaka lagun ez direlako lanera joango. Agian egun librea hartuta, agian baja eskatuta eta zorioneko batzuek Patxiren jaiari esker, baina Gernikan (eta Lumon) topatuko dute elkar, azken asteleheneko azokan. Eta bertan furgoneta irabazteko txartelak izango dituzte eskuragai, gaur zozketatuko dutena, Madrilen Lander Fernandez epaitzen duten bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun