Bestalde, bertaraino garraio publikoa erabilita gerturatzea gomendatu diete, uretan zein uretatik kanpo, ekimenean parte hartu nahi dutenei. Izan ere, Bizkaiko Zubi inguruetan ez da izaten aparkatzeko leku nahikorik. Giza-katea osatzeaz gain, hamaiketakoa, salda, musika, dantzak, bertsolariak... izango dira.
Irakurri Itsasoruntzek zabaldutako oharra:
Guztion artean elkarrizketaren katea osa dezagun!
Egun bizi dugun egoerari bultzada emateko, elkarrizketa sustatzeko, azaroaren 13an, larunbata, uretan elkartuko gara. Goizeko 10:30ean, Areetako Bizkaiko Zubiko plazan jarri dugu hitzordua, Ibaizabal itsasadarreko bi aldeak giza-katez lotzeko. Surf ohola aldean, bustiko diren ehun lagun behar ditugu, gutxienez. Bizkaiko Zubi inguruak konpromiso, esperantza eta bake eta justiziaren koloreez tindatuko dugu. Beraz, kamiseta gorria, berdea edo zuria jantzi eta murgil zaitez prozesuaren uretan. Parte hartzeko asmorik badaukazu bota mezua ondoko helbide elektronikora: itsasoruntz[abildua]gmail.com
Baina, uretan ez ezik, lehorrean ere prozesuaren alde "bustiko" diren lagunak behar ditugu. Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dago eta, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzea berebizikoa da. Guztion artean sortu behar ditugu prosezu berri bat abiarazteko beharrezkoak diren baldintzak. Prozesua gu gara, herria da. Gogor lan egin dezagun itxaropena agortu ez dadin. Gaurko indarrak biharko malkoak saihestuko ditu. Beraz, itsasadarraren bi aldeak ere konprometitutako herritarrez bete ditzagun azaroaren 13an.
Hiru zutabe dauzka gure aldarrikapenak:
1. Elkarrizketa eta alde orotariko akordioa, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe.
2. Eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea.
3. Giza eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetua eta bermea.
Urriaren 29an, batzar irekia:
Ildo berean, larunbat horretako ekimenari azken ukituak emateko, ostiral honetan, urriak 29, Algortako Bihotz Alai plazan egingo dugun batzar irekira gonbidatu nahi zaituztegu. Ordua gaueko 10etan jarri dugu.
Etor zaitez elkarrizketaren katea osatzera!
Itsasoruntz
http://itsasoruntz.nireblog.com
http://facebook.com/itsasoruntz
http://twitter.com/itsasoruntz