Imanol Beristain eta ostiralean atxilotutako beste 13 gazte independentistak askatzeko aldarrikatu dute gaur iluntzean Itzubaltzeta / Romon 160 auzokidek. Senideek eta abokatuek adierazi dutenez, itzubaltzetarraz ez daukate inolako albisterik eta ez dakite
Fernando Grande-Marlaska epailearen aurretik gaur igaro diren lau atxilotuetako bat den ala ez.
Europa Press albiste agentziaren arabera, berriz, Xabier Bidaurre, Ruben Villa, Ibon Esteban eta Ander Maeztu dira magistratuak gaur hartu dituen gazteak eta horiek espetxeratzeko agindu du. Gauza bera egin du ostiralean Italiatik Espainiara eramandako Zuriñe Gogenola, Artzai Santesteban eta Fermin Martinezekin. Joan den asteko sarekadan atxilotutako gainontzeko neska-mutilak, Beristain barne, bihar igaroko omen dira Grande-Marlaskaren aurretik. Argazkian, joan den astean egindako manifestazioetako bat.