Ostiraleko udal batzarrean aldarrikatuko dute Imanol Beristainen askatasuna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 26a, 09:24

Getxoko ezker abertzaleko hautetsiek Imanol Beristain itzubaltzetarra eta azken sarekadan atxilotutako beste 13 lagunen askatasuna aldarrikatuko dute ostiral honetako (urriak 29) udal batzarrean. Atzo goizean mozioa aurkeztu zuten erregistroan. Salatu dutenez, "Estatuak jakin badaki euskal gazteria erasotuz, konponbidearen aldeko konpromiso eta lan politiko aktiboena ari dela kolpatzen. Gazteria ez dago geldi eta prozesu demokratikoaren bidean pausuak ematen ari da eta horixe da hain zuzen ere gustuko ez dutena". Hala ere, "baldarki deuseztatu nahi duten gazte mugimenduak bat egin du jadanik prozesu demokratikoarekin". Lan politiko publiko horren adibide gisa, pasa den irailaren 25ean, Gernikan, era askotako gazte eta ikasle erakundek “Bake bidean” gutxieneko demokratikoen txostena sinatu zutela gogoratu du Getxoko ezker abertzaleak. Argazkian, Mariespe Fuertes ezker abertzaleko hautetsia aurreko udal batzar batean.

"Prozesu demokratikoari egiten zaion eraso berri honek argi erakusten du Estatuak egoera berriaren irekitzea saihestu nahi duela, baina bere nahiaren kontra egoera berri hori pausuz pausu eta sendotasunez irekitzen ari da Euskal Herrian", gaineratu dutenez. Gauzak horrela, atxilotutako 14 gazteen askatasuna aldarrikatzeaz gain, "Estatu espainiarra aurrera eramaten ari den kanpaina politiko errepresiboak gelditzeko ozenki aldarrikatzea" eskatuko diote Getxoko Udalbatzari. Dena den, aurkeztutako mozioa galde-eske txandan aurkeztu beharko du aipatu alderdiak, 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetarako Getxoko EAEko zerrenda legez kanpo utzi zutenetik eta aurreko lau urtetan ere gertatu bezala. Beraz, eztabaidarako aukerarik ez da egongo.

Getxoko ezker abertzaleak aurkeztutako mozioa:

Imanol Beristain eta atxilotutako beste 13 gazte independentistak askatu

Ostiral goizaldean polizia espainolek euskal gazteriaren aurka egindako sarekadan Imanol Beristain 27 urteko getxotarra eta beste 13 gazte independentista atxilotu dute Hego Euskal Herrian eta Katalunian.

Beste askotan bezala atxiloketak gabaz izan dira. Imanol Algortan atxilotu dute eta ondoren Barrikara eraman dute bere etxea miatzera. Neskalagunaren aurkako jarrera bortitza izan dute poliziek eta bertaratu diren lagun eta auzokideen aurka oldartu dira. Ondoren, Itzubaltzetako Branka kultur elkartearen lokalean sartu dira eta goitik behera miatu dute. Lekuko bakarra Imanol bera izan da, inkomunikatuta eta babesik gabe. Nahi izan dutena eraman dute, ordenagailuak, dirua eta abar.

Torturaren Aurkako Taldeak baieztatu duenez eta pasa den hilabetean Erika Bilbao erandioztarra eta beste zortzi atxilotuen tortura basatien salaketek agerian utzi dutenez, sarekada zuzendu duen Fernando Grande-Marlaska epailea ezaguna da atxilotuen osotasun fisikoa babesteko neurri guztiak atzera botatzeagatik.

Pasa den ostiralekoa Zapaterok GALen garaitik berreskuratutako politikarien Gobernu berriak egindako lehenengo sarekada da. Espainiako aurreko beste gobernuak bezala, Euskal Herriaren askatasun eta bake nahiari errezeta zaharrekin erantzun dio: atxiloketak, inkomunikazioa eta sufrimendua.

Testu hau idatzi eta udal erregistroan aurkezterakoan hiru egun igaro dira atxiloketak burutu zirenetik eta Espainiako salbuespeneko legeen arabera inkomunikazio aldia beste bi egunez luzatu daiteke. Egoera honek ezinegona, kezka, beldurra eta mina sortzen du euren senide eta lagunengan.

Herri honetan gazteak era masiboan atxilotzen dituzte, inkomunikatu, espetxera eraman, auziperatu eta kondenatu. Askatasun nahia adierazten duten gazteak, eskuzabalak. arazo sozialekin konprometituak eta beren ideiekiko koherenteak diren gazteak herri honetan pertsegituak, atxilotuak eta torturatuak izatea ohikoa bilakatu da. Pasa den astean bertan, militantzia politikoagatik 6na urteko espetxe aldira 15 gazte donostiar zigortuak izan direnaren berri izan dugu.

Estatuak jakin badaki euskal gazteria erasotuz, konponbidearen aldeko konpromiso eta lan politiko aktiboena ari dela kolpatzen. Gazteria ez dago geldi eta prozesu demokratikoaren bidean pausuak ematen ari da eta horixe da hain zuzen ere gustuko ez dutena. Baldarki deuseztatu nahi duten gazte mugimenduak bat egin du jadanik prozesu demokratikoarekin. Lan politiko publiko honen adibide argi bat pasa den irailaren 25ean izan genuen Gernikan, era askotako gazte eta ikasle erakundek “Bake Bidean” Gutxieneko Demokratikoen Txostena sinatu zutenean.

Prozesu demokratikoari egiten zaion eraso berri honek argi erakusten du Estatuak egoera berriaren irekitzea saihestu nahi duela, baina bere nahiaren kontra egoera berri hori pausuz pausu eta sendotasunez irekitzen ari da Euskal Herrian.

Honengatik guztiagatik, Getxoko Ezker Abertzaleko Udal Hautetsiok Udaleko Osoko Bilkurari akordiorako hurrengo proposamena helarazten diogu:

1) Getxoko Udalak Imanol Beristain eta urriaren 22an atxilotutako beste 13 euskal gazteen askatasuna eskatzen du.

2) Getxoko Udalak Estatu espainiarra aurrera eramaten ari den kanpaina politiko errepresiboak gelditzeko ozenki aldarrikatzen du.

Getxon, 2010eko urriaren 25ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun