Ondoren ikusi zuten gure seme-alabek Imanol atxilo, eskuburdinez eskuak loturik, begiak baino erakusten ez zituzten txano beltzeko batzuek bazeramatela. Gaztelaniaren nondik norakoak erakusten dizkien hori, soinketako motxilan txankletak eta eskupainua sartu ezean, errieta egiten diena. Badaramate.
Eta larunbat goizean, txintxo izan genuen txikia etxean, inork ezer esan gabe, gaztelaniako etxeko lanak egiten. Protestaka ibiltzen da bera ba, Imanolek etxeko lan asko eta asko eskatzen dizkiela eta. Larunbat goizean, berriz, protestarik ez, la-caja, el-pájaro-blanco segiden aurrean. «Imanolek agindutako lana da», esan zigun lan koadernoa erakutsiaz. Noiz zuzenduko ote du?
Bihar ere ez da ikastolara etorriko. Etzi, etzidamu, ez dakigu. Baiezkoan gaudenik ere ezin esan. Batek badaki. Haurra ere izango du laster. Bi aste barru edo.
Gure seme-alabek eta jaiotzear dagoen haurtxoak beste Euskal Herri bat merezi dute, ostiralaz geroztik ezagutu dutena ez bezalakoa. Lan koadernoa zabaldu, eta behingoz etxeko lanak egin ditzaten zorigaiztoko Euskal Herri honen geroa idatz dezaketenak.
Beatriz Fernandez, Imanol Beristain San Nikolas ikastolako maisuaren ikasle baten amak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua