Gernikako Akordioaren sinatzaileek eta
GaztEHerriak asteazken honetarako deitu dituzten mobilizazioekin bat egin dute
Presoen Aldeko Taldeek (PAT). Horien bitartez, "gatazkaren konponbide demokratikoa exijitu eta espainiar gobernuari aski dela ozen aldarrikatu" nahi dute. “Gazte altxa!” lelopean paro eta mobilizazioak deitu ditu 11:30etik 12:30era ikastetxe eta unibertsitateetan GaztEHerriak. Gernikako Akordioaren sinatzaileek, berriz, elkarretaratzeak antolatu dituzte iluntzerako Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, "Aski da! Bakebidean aterabide demokratikoak orain!" lelopean. Bizkaiko hiriburuko elkarretaratzea Arriaga plazan egingo dute, 19:30etik aurrera. Baina, hileko azken asteazkena izanik, PATek ere bateratzeak deitu ditu unibertsitate mailan. Leioa eta Erandioko campusean 11:30ean egin ohi dute, kafetegian. Protesta horren bitartez, azken sarekadan atxilotutako gazteen berehalako askatasuna exijitu eta tortura salatuko dituzte. Izan ere, "orain "Espainiako Polizia Nazionalaren eskuetan aurkitzen dira, inkomunikatuta eta, beraz, torturak jasateko arrisku larrian", adierazi dutenez. Argazkian, iraileko azken asteazkeneko kontzentrazioa Leioako campusean.