Kurtzion jarriko duten gaztelekuarekin kritiko agertu da Gazte Asanblada Sopeloztarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 26a, 14:12

Sopelako Udalak gaztelekua zabalduko du Kurtzio Kultur Etxean. Proiektua herriko neska-mutilei zuzenduta dagoela aitortu arren, diseinatzerako orduan horien iritzia "aintzat hartu ez" dutela kritikatu du Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS). Aipatu dutenez, GASek aspaldi aurkeztu zion tokiko erakundeari "gazteek gazteentzat egindako egitasmoa". "Espazio autogestionatua eskatu genuen eta ezezkoa jaso", laburbildu dute. Batetik, gaztelekuaren proiektuak gazteria osoa ez duela barruan hartzen uste dute asanbladakoek, 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta egongo delako. Bestalde, ez dute begi onez ikusten aipatu gunea enpresa pribatu batek kudeatzea: "hori da eskaintzen zaigun etorkizuna non gure sormena, irudimena eta burujabetasuna ez dira balore positiboak", salatu dutenez. Azkenik, "gazteak kontrolatuak izateko esparru bezala jaio dela" uste dute. Argazkian, Kurtzio Kultur Etxean egongo da Sopelako gaztelekua / © Sopelako Udala.

Gazte Asanblada Sopeloztarrak zabaldutako oharra:

Gazte Asanblada Sopeloztarrak jakin berri du udal gobernuak Kurtzio Kultur Etxe berrian gaztelekua martxan jarriko duela. Gaztelekuaren izaera eta funtzionamendua hurrengo hau litzateke:

1. 13 eta 18 urte bitartekoentzat zuzendua.
2. 15 kideko talde bakoitzarentzat begirale bat.
3. Jarduerak taldekideen arabera pentsatuak.
4. Kanpo enpresa batek kudeatua.
5. 17:00etatik 20:00etarainoko ordutegiarekin.
6. 6 eurotako txartela atera beharra edukiko du.

Eta azkenik, gaztelekuaren helburuak ere finkatu egin dituzte eta hurrengoak dira:

Alde batetik, gazteak ondo pasatzea eta bestalde, gazteak kontrolatuak egotea.

Honen aurrean, eta zuzenean eragiten digun heinean, Gazte Asanblada Sopeloztarrak hurrengoa adierazi nahi du:

Gaztelekuaren proiektua gazteontzat sorturikoa izan bada ere, ez dira gazteak aintzat hartu edo ez dira kontutan hartuak izan proiektua diseinatzerako orduan.

Gazteek eta konkretuago Gazte Asanblada Sopeloztarrak, Udalean aspaldi aurkeztua dauka proiektu propio eta parte-hartzaile bat: gazteak egina eta gazteentzat. Asko laburbilduz, espazio autogestionatua eskatu genuen eta ezezkoa jaso.

13 eta 18 urte bitartekoentzat zuzendua dagoen esparrua ez du gazteriaren kolektiboa barru hartzen. 19 edo 20 baino gehiagoko gazteek ez dute gazteleku batean lekurik?

Enpresa pribatu batek kudeatuko du gazteen aisialdia. Hori da eskaintzen zaigun etorkizuna non gure sormena, irudimena eta burujabetasuna ez dira balore positiboak.

Beraz, analisi honen ondorioz, gure buruari galdetu egiten diogu, zein da gaztelekuaren benetako helburua? Ados gaude gazteak kontrolatuak izateko esparru bezala jaio dela, eta hasieratik alboratu egiten gaituen proiektu honen helburu bakarra, haien irudi publikoa bedeinkatzea dela, eta ez gazteria laguntzea.

Kontrolatuak, menpekoak, iniziatibarik gabekoak eta konformaerrazak nahi dituzte gazteak, baina gu berez, gure sena jarraituz, berritzaileak eta sortzaileak gara. Eta ez hori bakarrik, argi daukagu zer nahi dugun eta horretan ez dugu kanpo kontrola edota inposiziorik ikusten.

Bide asanbleario, autogestionatu eta parte-hartzaileak hartzen jarraituko ditugu gure nahiak eta ametsak egi bihurtzeko. Gaztelekua bezalako proiektu mamigabea itxura eta itxurakerian oinarritua dagoelako eta ez delako gazteriaren aldeko benetako apustua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun