Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladak hainbat ekimen antolatu ditu 2010eko udazken-negurako, "Olentzero, Gabonetarako gaztetxea" lelopean. Horiek guztiak herrian aisialdi mota desberdin bat sortzeko egingo dituzte: "neska-mutilak kalera irteteko eta beste era desberdin batean gozatu ahal izateko", zehaztu dutenez. Bi itsas-hiribilduetan "gazteentzako jarduerarik ez" dagoela salatu dute asanbladakoek. Prestatutako ekimenak abenduaren 17an bukatuko dira, gaztetxe baten aldeko Gabonetako kanta-poteoa eginez. Hala ere, aurretik egongo da zertaz gozatu. Ostiral honetan, urriak 29, bertso-afaria egingo dute Plentzian. "Ekimen hauekin gure lana ondo egiten ari garela eta gaztetxea merezi dugula erakutsi nahi dugu", gaineratu dutenez. Argazkian, maiatzaren 8an hirugarren Gazte Eguna ospatu zuten Plentzian / © Plentziako eta Gorlizko Gazte Asanblada.