Bihar ere mobilizazioak izango dira gazte independentisten aurkako sarekada salatzeko. Izan ere, GaztEHerria erakundeak, Gernikako Akordioko alderdiek, Ikasle Abertzaleek eta Presoen Aldeko Taldeek mobilizazioak deitu dituzte goiz zein arratsaldez. Goizean, GaztEHerriak “Gazte altxa!” lelopean paro eta mobilizazioak deitu ditu 11:30etik 12:30era ikastetxe eta unibertsitateetan. Horiek bat egingo dute hileko azken asteazkena dela eta PATek campusetan deitutako bateratzeekin.
Arratsalderako, berriz, Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratzeak prestatu dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, "Aski da! Bakebidean aterabide demokratikoak orain!" lelopean. Bizkaiko hiriburuko elkarretaratzea Arriaga plazan egingo dute, 19:30etik aurrera.