Kolpe errepresibo hau, Ezker Abertzaleak euskal jendarteari egindako eskaintzaren erantzuna da. Ezker Abertzaleak gure herrian egoera berri batera igarotzeko eskaintza egin duenean. Estatu Espainolak azken operazio honez zabaldu den eztabaida baldintzatu eta zapuztea du helburu, argi utziz sortu daitezkeen konponbideak indarrez itxi nahi dituztela.
Politikoki argumenturik ez dutenez, Estatu Espainolak dakien era bakarrean erantzun du: atxiloketekin, errepresioarekin, inkomunikazioa eta atzetik duen arriskuarekin etab. Indar polizialen eskuetan gazte hauek jasan dezaketen eta jaso duten tratuaren inguruan gure kezka adierazi nahi dugu era horregatik euren berehalako askatasuna exijitzen dugu.
Azken operazio hau hor kokatu behar baitugu: Euskal Herriaren aurkako eraso bat bezala. Nekez ikasi izan dugu errepresio bikoitza bizi dugula gaur egungo gazteok, herri zapaldu batean bizitzeagatik eta gaztea izate hutsagatik, gure aurkako ematen diren jazarpenak, jarraipenak eta mehatxuak eguneroko kontuan bilakatuz. Hor dugu Asier Rodriguez-en kasua, bi urteko jazarpena jaso ostean kartzelaratutako santurtziar gaztea.
Gure apustua egina dago: Independentzia eta Sozialismoa. Eta borrokatzen jarraituko dugu, hurrengo belaunaldiak guk bizi dugun egoera berdina bizi ez dezaten. Atxiloturiko gazteak bezain errudunak gara, gatazka politikoaren konponbidearen alde eta aukera politiko guztien defentsan lan egiten dugulako. Hori dela eta, bihar Euskal Herrian zehar burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.
Borrokatzeko garaia da, eta Euskal Gazteriari inoiz ez bezala guztion eskubideen defentsan lanean jarraitzeko grina plazaratu nahi diegu. Garaipena gurea da! Euskal Gazteria aurrera!