Irakurri Gobela ibaiak Imanol Landa Getxoko alkateari zuzendutako gutuna:
Alkate jauna:
Euskal geografiako beste ibai batzuekin batera, nire gorputza berdez jantzi behar izan dut, zuk eta beste politikari batzuek ingurumenari erakutsitako interes eza dela eta. Horretarako, fluorescina erabili dut, hidrologoek eta iturginek urbide sareetan botatzen duten eraginik gabeko osagai kimikoa. Nire kasuan, dudan osasun egoera eskasaz ohartarazteko eta Getxoko lurralde antolakuntza eredua kritikatzeko zein horren inguruan eztabaida pizteko asmoz. Horretarako, Ama Lurraren zati naizen heinean dudan jakindurian oinarritu naiz. Era berean, inguruko auzokideekiko elkarbizitzak ehunaka urtez emandako ezagupenak gidatzen nau.
Aurreko batzuetan, Udal Gobernu honek zein aurrekoek nire inguruari eta auzokideei jarri dieten ardura eza ikusgarri jartzeko, ubidetik atera eta dena ureztatu izan dut, laguna daukat euriari esker. Dena den, uholde hauen kaltetu nagusiak zonaldeko biztanleak izan dira, jada nire baitako zati gisa sentitzen ditudanak. Horiek bata bestearen atzean etorri diren hirigintza politikoen biktimak besterik ez dira izan. Baina, Zubilleta eta Neguri Langileko auzo elkarteen lana miretsi eta nire ubidea zabaltzeko lanak gelditu izanagatik erakutsi duten haserrea ulertzen badut ere, bizi diren lurzorua espekulazioak baino ez du bizileku bihurtu eta horren jakitun izan behar direlakoan nago. Horretaz, arrain hiruarantzak ez du errurik.
Lanen gelditzeaz ari naizela, Imanol, gauza bakarra esan behar dizut zure ustezko haserreari buruz. Alegia, politikari baino aktore hobea zarela eta are gehiago hauteskundeak ate joka daudenean.
Bestalde, “erabili gabekotzat” jotzen duzuen Errekagane kaleko ebanisteria zaharra botatzeko asmoa duzula entzun dut. Imanol, gaztetxea ez ukitzea gomendatzen dizut. Izan ere, gazte horiek borrokalariak eta konprometituak dira eta gaztetxea botatzean istilu gorrian sartuko zinatekeelakoan nago. Ez banauzu sinesten, Zarraoa zure kideari galdetu, desalojoei buruz zer edo zer baitaki berak...
Era berean, nire elkartasuna agertzen diet Getxon irauten duten nekazaritzaren azken hondarrei, Bilboko metropoliaren Lurralde Zati Plana ezarriz akabatu nahi dituzten berberak. Eta guztion izenean akordioak sinatzen dituzten gutxi batzuen kontzientzian norberaren interesa nagusitzen bada ere, herri osoa (golf zelaia izan ezik, elkar ezagutzen dugula) asfalto azpian itotzen amaituko lukeen plan lotsagarri honi aurre egiteko prest dauden auzokideak izan badira.
Izan ere, alkate jauna, Getxon 3.500 pisu huts baino gehiago egonda, LZPk aurreikusten dituen 8.000 etxe berriak etxebizitzaren arazoa konpontzeko direla jendeak sinistuko duelakoan zaude, benetan?
Azkenik, ezin zaitut agurtu gure udalerrian aurrera eramaten ari zaren hiri birmoldaketa eskertu gabe. Guztiok gaituzu pozik: Algortako auzokide eta gazteok, San Nikolas edo Txiki eta Otaegi plaza den topagune nagusia desagerrarazi izanagatik, zer eta zuen burugabeko antzokia sartzeko; Itzubaltzeta / Romoko jendea, auzoko frontoi bakarra hartzen zuen espazioa pribatizatzeagatik edo "Galeako itsaslabarretan inspiratutako" kultur etxe faraonikoa dela eta; dena kameraz bete izanagatik; ...enpin.
Besterik gabe, zu bezalako gizon zintzo, zuhur eta demokratak nire kexak publikoki erantzungo dituela jakiteak ematen didan lasaitasunez agurtzen zaitut. Beraz, jaso nire agurrik beroena,
Gobela ibaia.
Gobela ibaia berdez tindatuta irudietan (© Gobela ibaia kolektiboa):