Zapaterok prozesua egongo dela esan berri digu Rubalcaba eta Ramon Jauregi ipini dituen lekuan ipinita. Baina badakigu 90eko hamarkadan estatu eta nazio zapalduen arteko itunek zein frustrazio eragiten duten egun Eire, Palestina eta beste mila lekutan. Autodeterminazioak, zein egitura politiko teorikoek ez dakarte berez gure arazoen konponketarik, tresna egokiak izan arren ere. Edukiz bete behar dira hitz potoloak, eta gainera datorkigun sasoian, euskalgintzak borroka zelaian larrua uzteko prest egon behar du. Alderdien interesen gainetik, trantsizioko euskaltzaletasuna berpiztu eta euskararen biziraupen eta garapena ziurtatuko dituen egoera erdiesteko azken aukera izan liteke.
Euskara debate politikotik atera behar dugu betiko; horretarako bide bakarra dago, guztion arteko itun politiko bat egitea euskararen inguruan. Gure hizkuntza ikasteari uko egiten dion komunitateari argi esan behar diogu ez dugula kalte-ordainik gura mendeetan euskara debekatu, mespretxatu eta hiltzen saiatzeagatik. Baina eurek gure hizkuntza eurena ere badela ikasiz frogatu arte gatazka iturri den mesfidantza historikoak bizirik jarraituko du. Hizkuntza hiltzen saiatu zirenek traba izaten jarraitzen dutelako bere berreskurapenerako. Itun bidez ziurtatu behar dugu nafar guztiok euskara eta erdara ikasiko ditugula. Gero bakoitzak gura duena erabiltzeko. Borroka hori irabaziz gero, bi belaunalditan ez da atzerabueltarik egongo. Inor ez baita elebiduna izanda elebakar izatera igaro gura izateko bezain artaburua.
Euskara ala hil!
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.