Unibertsitate, ikastetxe eta kalean salatu dute gazte independentisten espetxeratzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 28a, 01:40

Gaurkoan, 270 bat ikasle, irakasle eta unibertsitateko langilek salatu dute gazte independentisten aurkako azken sarekada, Leioa eta Erandioko campusean. Bereziki, bertoko ikasle diren Ikoitz Arrese eta Marina Sagastizabal izan dituzte gogoan. Azken hori libre gelditu da 10.000 euroko fidantza ordainduta. GaztEHerriak deituta, ikastetxe eta institutuetan ere mobilizazioak izan dira: besteak beste, paroak eta kontzentrazioak egin dituzte, "Gazte altxa! Iraultza aurrera darrai!" lelopean. Azkenik, iluntzean elkarretaratzeak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, "Aski da! Bakebidean aterabide demokratikoak orain!" lelopean. Horrenbestez, Bilboko Arriaga plazan, ehunaka eta ehunaka lagunek salatu dituzte azken kartzelatzeak, aipatu hitzarmena izenpetu zutenen izenean bi gaztek adierazpena (mp3) irakurri aurretik. Imanol Beristain itzubaltzetarrari dagokionez, Soto del Real (Madril, Espainia) espetxean sartu dute. Atzo gauean Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean atxilotu zuten bere herrikidea, berriz, aske utzi dute jada. Argazkian, gaur iluntzeko kontzentrazioa Bilboko Arriaga plazan.

Eguerdiko 12ak aldera, kamiseta gorria jantzi eta manifestazioa egin dute Leioa eta Erandioko campusean zehar, Mikel Laboa plazan bildutako gizon-emakumeek. Hasierako toki berera itzulita, atxilotutakoen aldeko bi bertso bota eta adierazpena irakurri dute (mp3). Azken sarekadaz gain, tortura ere salatu dute mobilizazio horren bitartez. Izan ere, hilabeteko azken asteazkena izanda, hitzordua jarrita zeukaten Presoen Aldeko Taldeek (PAT). Hartara, larunbat honetan Donostian izango den torturaren aurkako nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. PATek ez ezik, Ikasle Abertzaleek (IA) ere bat egin dute, GaztEHerriak gaurko ikastetxe eta institutuetan egindako mobilizazioekin. Batzuek zein besteek, Gernikako Akordioaren sinatzaileek iluntzean burututako kontzentrazioetara deitu dute.

Presoen Aldeko Taldeek (PAT) plazaratutako idatzia:

Torturarik ez!

Tortura errealitate gordina da Euskal Herrian. Azken 50 urteotan, ia 10.000 euskal herritarrek torturak edo tratu txarrak salatu ditu polizia ezberdinen esku egon ondoren. Badira torturapean hildako herritarrak ere.

Baina torturaz hitz egiten dugunean ez gara lehenaldian ari, orainaldian baizik. Azken asteotako atxilotuekin bezala, ostiralean atxilotutako gazte independentistek jasandako tortura fisiko eta psikologikoen berri izan dugu.

Inkomunikazioa erabiltzen jarraitzen du espainiar gobernuak tortura eta tratu txarrei bide emanez. Torturaren eragina ez da komisarian amaitzen. Torturapean egindako deklarazioak froga bezala erabiltzen dira auzitegietan, eta froga hauek herritarrak zigortzeko baliatzen dira.

Tortura ezkutuan mantentzeko ahalegina aspaldikoa da. Tortura salatu izana zigorraren jomugan dago. Torturatuak izan diren herritarrak auzibidean jarri dituzte beraiek jasandakoa salatu izanagatik. Torturak salatu dituzten herritarren abokatuak auzibidean jarri dituzte beraien bezeroak jasan duena salatu izanagatik.

Gure herrian zabaldu den aro politiko berrian torturaren gaia mahai gainean jarri nahi dugu. Giza eskubide guztien bermeaz hitz egiten ari garen honetan, torturarekin amaitzeak garrantzia berezia hartzen du gure begietara.

Egoera honetan, gaiak duen larritasunari loturik, torturarekin amaitzeko lan egiteko deia luzatzen dugu. Zentzu honetan, dei egin nahi dugu urriaren 30ean Donostian burutuko den manifestazio nazionalean parte hartzera.

Bilboko Arriaga plazako elkarretaratzea iruditan:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun