Bihar zein etzi hainbat kontzertu izango dira eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 27a, 19:41

Hilean behin musika akustikoa, leuna eta atsegina eskaintzeko asmoa dutela iragarri dute Sopelako Laiak tabernakoek. Gauzak horrela, “Musika aLAIA” izeneko egitasmoa prestatu dute. Irailean herrian bertan bizi den Peter Abels gitarrista holandarrak eman zuen kontzertua, Bentatxu kaleko ostatuan. Bihar, osteguna, berriz, Rio de la Platako tango doinuak entzuteko aukera egongo da, Federico Abreu uruguaitarraren (ahotsa) eta Pablo Montanelli argentinarraren (pianoa) eskutik. Hitzordua gaueko 9etan jarri dute. Bestalde, Areetako El Comercio kafetegian, ClaRisse izeneko bandak joko du bihar bertan, 21:00etan, Getxo Zuzenean kontzertu zirkuituaren barruan. Azkenik, etzi egingo dute Leioako Pop Rock lehiaketaren finala. Gaueko 9etatik aurrera, Pontevedrako (Galizia, Espainia) Belop, Bilboko Midnight Road eta Getafeko (Madril, Espainia) Niño Pajaro taldeek joko dute, Kultur Leioan. Kontzertura hurbildu nahi izanez gero, Aterpe Leioa gaztegunean hartu beharko da gonbidapena. Argazkian Pablo Montanelli piano-jotzailea, beste hainbat musikariekin / © El Cachivache.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun