Murrizketak eta erreformak salatuko dituzte bihar Bizkaiko pentsiodunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 28a, 19:29

Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen pentsioen murrizketari aurka egiteko, deialdi irekian bildu eta plataforma osatu dute Bizkaiko pentsiodunek. Pentsionistak Martxan izena hartuz, Madriletik etorri diren azken aldaketak salatu dituzte: "gure puntu mingarrienetan zigortzea erabaki dute eta, adibidez, 2011rako pentsioak izoztea erabaki dute. Oinarrizko kontsumorako gaien BEZa %2 igo digute eta, hori gutxi balitz, Toledoko itunaren eta hurrengo Pentsioen Erreformaren bitartez, botiken eta kontsulten gastu zati bat gure kontura izan dadin lortu nahi dute, zaharren egoitza publikoetako egonaldien zati baten kostua bezalaxe", azaldu dute adinekoak. "Astakeria horri erantzun egokia" eman ahal izateko, bihar, ostirala, Bilbon egingo du manifestazioa Pentsionistak Martxan plataformak. Hitzordua goizeko 11etan jarri dute, Plaza Eliptikoan, pentsioak berma diezaieten exijitzeko asmoz. Argazkia: © Leioa.net.

Pentsionistak Martxan plataformak emandako datuen arabera, 2010eko uztailaren 10ean 263.434 pentsiodun zeuden Bizkaian eta hilero, bataz beste, 978 euro jasotzen zituzten horiek (alargunek 685 euro eta umezurtzek 410 euro). Bestalde, pentsiodunen %80ak etxebizitzara zein ingurura sarrera-irteerak egiteko arazo larriak ditu. Azkenik, pentsionisten %72ak gaixotasunen bat dauka eta %59,6ak ohiko osasun tratamendua jaso behar izaten du. Murrizketa eta erreformak aurrera eraman ahal izateko, "arazoa diru falta dela" konbentzitu nahi dituztela salatu dute adinekoek: "ondo dakigu hori ez dela egia. Gertatzen dena, dirua oso txarto banatuta dagoela. Hori da benetako arazoa", adierazi dutenez.

Ondokoak dira Pentsionistak Martxan plataformak eskatzen dituenak:

- Murrizketen eta erreformen aurka, hemen eta orain gure pentsioen bermea exijitzen dugu.
- Diru publikoz finantzatuko diren zerbitzu sozial publiko eta kalitatezkoak exijitzen ditugu.
- Osasun publikoa eta unibertsalaren alde eta elkarrordainketaren aurka.
- Txirotasunaren azpiko pentsiorik ez. Gutxieneko pentsioa 1.020 eurokoa izatea exijitzen dugu.
- Zerbitzu publikoak eta pentsioak finantzatzeko gai izango den fiskalitate justu eta progresiboa eskatzen dugu.
- Hemen bizi gara, hemen kotizatzen dugu, hemen erabaki behar ditugu gure pentsioak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun