Sindikatuek aipatutakoaren arabera, lan-brigaden bideragarritasun plana egiteko, 50.969 eurotako partida lehiaketara atera du Getxoko Udalak; baita isunak kudeatzeko udal zerbitzua pribatizatzeko 3.600.000 euroko beste bat ere. Bitartean, hutsegite larriak egiten dituzten gidariei bakarrik jarriko diete isuna Getxoko udaltzainek. Gobernu Taldeak langileei murrizketa sozialak ezarriko dizkiela iragarri zuenean hasi zuten mugagabeko protesta poliziek. Maiatzean %3 jaitsi omen zieten soldata.
Getxoko udal langileen ordezkariek zabaldutako oharra:
Getxoko Udal eta Erakunde Autonomoetako langileei:
Idatzi honen bidez, ELA, LAB, CCOO, UGT, ErNE eta SVPE sindikatuok, Getxoko Udaleko langileei eta bertoko erakunde autonomoetako langileei (Kultur Etxeko, Fadura kiroldegiko eta Hirugarren Adineko Udal egoitzako langileei) zuzentzen gara Pertsonaleko arduradun politikoak gure soldatetan murrizketak egiteko erakutsi duen asmoari erantzuteko. Izan ere, arduradun polítiko horrek, 8/2010 Dekretu Legean oinarritutako murrizketa sozial-ekonomikoak egiteko asmoa erakutsi du. Eta horren aurrean adierazten dugu:
- Asmo horren aurkako erabateko jarrera dugula, alde bakarreko erabakia izateko bidean egoteaz gain, Udalbatzarrak 2008-2010 urtetarako onartutako hitzarmenen aplikazioa indar barik uzten duelako.
- Krisi garaiotan, Udalak ondoren zehaztutako kasutan, esaterako, egin dituen neurrigabeko gastuak salatzea:
1. Brigadaren bideragarritasun plana egiteko 50.969 euroko esleipena duen partida lehiaketara ateratzea (ikerketa honen benetako helburua izanik egun udal zerbitzua dena pribatizatzeko hartutako erabakia justifikatzea, horrek dakarren enplegu suntsiketa handia denean).
2. Isunak kudeatzeko udal zerbitzua pribatizatzeko, 4 urtetarako eta 3.600.000 euro suposatzen duen esleipena lehiaketara ateratzea.
Guzti hau gauzatzen duten bitartean, ez dute inolako lotsa barik eta kalitatezko Q ziurtagiria lortzeko asmoz diote "Udalak duen kapitalik garrantzitsuena langileria dela”. Hori dioten bitartean baina, zerbitzu publikoen eraispena burutzen dute herritarren harretarako zerbitzuak pribatizatuz. Horrek dakar, kudeaketan oinarritutako administrazio publikoa bilakatzea, zerga bilketa eginkizun nagusi izanik dena kontrolpean duen erakunde izatera pasatuz.
Ez gaitzatela engaina, pribatizazioa garesti aterako zaigu. Baina hori hala izanda ere berdin zaie, enplegu publikoa suntsitzeak norbaiti mesede egingo baitio.
Horregatik, Udaleko eta Erakunde Autonomoetako langileok, Zerbitzu Publikoak mantendu eta hobetzearen alde, Erakunde honek erakutsitako hipokresia eta demagogia salatzen dute. Getxoko Udalak bat egin du sektore publikoko langileriaren aurka hedabideetan hasitako lintxamenduarekin, botere ekonomiko eta enpresarialek sortutako krisiaren erantzule egin nahi baikaituzte.
Guzti horregatik, ez dugu inolako murrizketarik onartuko. Sekula eginiko urraketa hauen aurrean bide judizialak ekingo ditugula aurreratzeaz gain, beharrezkoak diren mobilizazioak aurrera eramango ditugu. Hasteko, 2 orduko lanuzte partzialak deitu ditugu urriaren 26 eta 29rako (egun bakoitzeko bi lanuzte) goizeko 8etatik 9ak bitartean eta 9etatik 10ak bitartean.