Sopelako Udaltzaingoak A.P.P. inizialak dituen 28 urteko gizon barakaldoarra atxilotu zuen atzo, asteazkena, herrian gertatutako lapurreta biren egilea delakoan. Ustezko gaizkileak atzo bertan burutu ei zuen leporatzen dioten bigarren delitua. Josu Landaluze alkateorde eta Herrizaingo zinegotziak azaldu duenez, goizeko 8ak aldera, indarrez tira eginda ostu zioten poltsa emakume bati, Bentatxu kalean. Bulegoan abisua jaso ostean, andrearekin harremanetan jarri ziren udaltzainak, behin lapurra nolakoa zen jakinda, horren bila abiatzeko. Horretaz gain, gertakarien unean gaizkileari erori omen zitzaizkion ibilgailu baten giltzak eman zizkien poliziei. Herriko zenbait kale miatu ostean, Loroño kalean aurkitu zuten autoa; aurretik Sestaon lapurtua, udal iturrien arabera. Goizeko 8:30ak aldera, berriz, emakumeak egindako deskribapenarekin bat zetorren pertsona batekin egin zuten topo udaltzainek. Atxilotu eta Ertzaintzaren esku utzi zuten.