Apirilean egindako adierazpenetan, "Getxoko Udalak ez du udal eraikina den Terraza ostatuan euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatuko" aurreratu zuen Terraza Euskaraz ekimenak. Handik aste batzuetara, esleipen prozesua gaitzetsi zuen Lander Solozabal Bizarra Lepoan Getxo udalerriko euskara elkartearen presidenteak Getxoko Udaleko Euskara Aholku Batzarrean. Arrazoia eman zion orduan Koldo Iturbe euskara zinegotziak. Gertatutakoa "akatsa" izan zela, egoerak "jokoz kanpo" harrapatu zutela esan zuen Iturbek.
Dena den, Terraza Euskaraz ekimenak ezin izan zuen esleipenaren aurkako helegitea jarri, udalerrian Euskara Ordenantzarik edota euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzen duen beste edozein araurik ez dagoelako. Izan ere, EAJk uko egin zion 2007an Bizarra Lepoan eta hainbat euskaltzalek aurkeztutako Euskara Ordenantzaren proposamenari.
Euskararen inguruan Terraza udal ostatuaren esleipenetan agertzen diren puntuak:
• Saltokiko barnealdean eta kanpoaldean jarri daitezkeen errotuluak edota inskripzioak, modu elebidunean (euskara-gaztelania) jarriko dira, euskarari lehentasuna emanez eta mezu ulerkor baten bitartez.
• Pertsonala: 7 puntu. Puntu honetan kontuan hartuko da: Proposatutako pertsonalaren euskara gaitasuna, aurkeztutako dokumentazioarekin egiaztatuta; Lokalaren zerbitzura den pertsonalaren jantziak, horien diseinua, estetika, kalitatea eta funtzionaltasuna zehaztuta; Publikoa Europar Batasuneko bestelako hizkuntzetan artatzeko gaitasuna; Udalerriko eskaintza kulturalari buruzko informazioan eta horren hedapenean lankidetzan aritzea.
Bi edo lau urteko esleipena
Bestalde Getxoko Udalak gaur jakinarazi duenez, esleipena bi urterako da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Establezimendua itxita zegoen aurtengo hasieraz geroztik, ordura arteko emakidadunaren kontratua amaitu zelako. Zerbitzuaren enpresa berriak lokala zaharberritzeko "lan handiak" egin ditu azken hilabeteotan, tokiko iturrien arabera. Lanak amaituta, bihar bertan zabaldu ahal izango ditu berriro udalerriko ostalaritzako saltoki oso ezaguna den horrek.
Zerbitzu berria ostalaritza jarduerako bigarren multzoan sartuta dago eta, hartara, ixteko bere ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostegunera eta igandetan, 00:30era arte egon ahalko da zabalik; ostiral, larunbat eta jaiegun bezperatan, 01:30 arte. Udan, hau da, ekainaren 1etik eta irailaren 30era arte, ordu erdi beranduago itxi ahal izango du. "El Correo Español"-en arabera hamar bat langile izango dira Terraza tabernan.