Bihar Igorreko bertso-kanporaketa eskainiko du Koska irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urr. 29a, 00:18

Ostiralero egin bezala, bihar goizeko 11etan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Aulestiko kanporaketa (mp3) eskainiko du Koska irratiak, 108.0 FMko dialean. Bertan, Arrate Illaro sailkatu, Peru Beñat kanpoan gelditu eta Ibon Ajuriak irabazi zuen. Izan ere, Ibon "I, Bond" Ajuria nagusitu zen hirugarren kanporaketan. Torrezelai kiroldegian kristoren hotza izan arren, bertan batutako 440 zaleek txaloz eta algaraz berotu zuten saioa, horretarako bertsolarien laguntza izan zutela. Izan ere, igandekoa orain arteko saiorik onena izan zen, bai teknikoki eta baita arin eta umoretsu jokatu izanagatik ere. 410 puntuz, Ajuriak Durangoko finalaurrekorako zuzeneko txartela eskuratu zuen, bertan Jone Uria algortarra, Onintza Enbeitia eta Etxahun Lekue dituela ja zain. Argazkian, Aulestiko protagonistak.

Gernikarraren ostean, Gorka Ostolaza "Potxis" (400 puntu), Arrate Illaro algortarra (392,5), Xabat Galletebeitia (364,5), Mikel Goiriena (347,5) eta Peru Vidal leioaztarra (308) gelditu ziren. Gauzak horrela, Perurenak egin du, Itxasorenak egin zuen bezala eta Arrate puntuazioagatik sailkatuko da, Igorre eta Itzubaltzeta / Romoko kanporaketetan Mari bera agertu eta kontrakoa erabakitzen ez badu.

Datorren kanporaketa, laugarren eta azkenaurrekoa, Igorreko kiroldegian izango da, ohi bezala arratsaldeko 5:30ean. Bertan, Joanes Igeregi sopeloztarra, Beñat Vidal leioaztarra, kiniela guztietan irabazle legez agertzen den Miren Amuriza, Ortzi Garitano, Eneko Abasolo "Abarkas" eta Peio Ormazabal izango dira. Gaiak banatzen Leire Aurrekoetxea arituko da. Bertako irabazleak azaroaren 28an jokatuko den Zornotzako finalaurrekoan abestuko luke, besteak beste, Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballesekin.

Igorreko saiorako sarrerak aurretiaz internetetik erosteko aukera bada, baita finaleko sarrerak ere. Horretarako, bertsosarrerak.eu webgunean sartu eta bertako argibideak jarraitu besterik ez dago. Bestela, kiroldegiko sarreran hartu ahal izango dira txartelak zortzi, bost edo hiru eurotan, arruntak, bazkideentzakoak eta gazteentzakoak, hurrenez hurren. Finalekoak, ordea, hamasei, hamabi eta zortzi eurotan har daitezke.

Behin behineko sailkapena:

Finalaurrekoetarako sailkatuak

• Onintza Enbeita (iazko finalista)
• Etxahun Lekue (iazko finalista)
• Iratxe Ibarra (iazko finalista)
• Arkaitz Estiballes (iazko finalista)
• Fredi Paya (iazko finalista)
• Oihana Bartra (Mungiako irabazlea)
• Jone Uria (Balmasedako irabazlea)
• Ibon Ajuria (Aulestiko irabazlea)

Beste zortzi sailkatuak, puntuazioen arabera (bi saio falta dira)

• Gorka Ostolaza 400 puntu.
• Arrate Illaro 392,5.
• Xabier Enbeita, 370,5.
• Xabat Galletebeitia, 364,5.
• Joseba Artza, 363.
• Ander Elortegi, 361,5.
• Iker Belaustegi, 358,5.
• Iñaki Iturriotz, 353.

Dagoeneko, txapelketatik kanpo

• Itxaso Paya, 349.
• Mikel Goiriena 347,5
• Lander Ibarluzea "Atxulua", 346,5.
• Julen Erezuma, 342.
• Julen Sololuze, 340.
• Peru Vidal, 308.
• Asier Legarreta, 291,5.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun