Askapeneko kideen aldeko mozioa:
Internazionalismoa ez da delitu. Gabi eta Askapeneko kideak kalera!
Irailaren 28an goizaldean Espainiako Polizia Nazionalak Askapenaren aurkako sarekadan 7 lagun internazionalista atxilotu zituen, hauen artean Gabi Basañez getxotarra. Inkomunikazioa pairatu ondoren urriaren 1ean Espainiako Audientzia Nazionaleko Ruz epaileak danak jaso eta erakunde terroristako kide izatearen akusaziopean Walter Wendelin, Gabi Basañez, Haritz Ganboa, Unai Vázquez eta David Soto kartzelatu zituen.
Akusazio larri hauen aurrean ozenki adierazi behar da Askapenak orain dela 23 urtetik egin izan duen eta egiten ari den lana publiko eta legala dela.
Internazionalismoa ez da delitua, bai ordea giza ezaguera modu bat, beste emakume eta gizon batzuk, beste herri batzuk ulertzeko modua, haiekin eta haietaz ikasiz, joan-etorriko harreman horizontalak ezarriz. Joanekoa, bertan haien errealitatea ezagutu eta gurea ezagutarazteko eta bueltakoa, hemen gure eremuetan tokian tokiko lana egiteko, mundua, mundu desberdin asko sartzen diren mundu gisa ikusten dugula oinarri hartuta. Zapaldu eta zapaltzailerik gabeko mundua, herrien autodeterminazio eskubidearen alde egiten duena eta norberaren subiranotasun politikoa, ekonomikoa, elikagaiena, ingurugiroarena eta soziala defendatzen duena.
Internazionalismoak globalizatutako neoliberalismoa, lurrean dauden desberdintasunen sortzaile bezala ikusten du eta honen buru politiko eta ekonomikoak, desberdintasuna, pobrezia eta gerrak areagotzen dituzten erantzule eta errudunak, Afganistanen, Iraken, Palestinan, Latinoamerikan edo Afrikan bezala herriak, bai geografikoki, ekonomikoki, sozialki, nahiz politikoki suntsituz. Hori dela eta internazionalismoak globalizazio kapitalistaren aurkako borroka guztiak, fronte berdinaren parte ikusten ditu. Horregatik, horrenbeste suntsiketa eta basakeria ahultzeko, bere oinarrizko armak elkartasuna, hitza, berdintasuna, errespetua eta anaitasuna dira. Askapenak urte guzti hauetan egindako lana, mundu mailan eta hemen aski ezaguna da. Hori dela eta, talde eta eragile desberdinek, Askapeneko kideen atxiloketa eta kartzelatzeak eta politika errepresibo hauek suposatzen duten eskubide eta oinarrizko giza eskubideen urraketa salatu dituzte, eta lagun internazionalistekiko elkartasuna publikoki erakutsi dute.
Bestetik operazio hau Euskal Herriak egun bizi duen prozesuaren aurkako beste eraso bat baino ez da. Estatu espainiarrak irtenbide politiko eta demokratiko bat eskaini ordez, errepresioaren neurriak baino ez ditu ezagutzen, eta ireki den bidea zapuzteko ahaleginetan dabil. Zentzu honetan, Euskal Herrian konponbide demokratiko bat lortzeko areagotu den nazioarteko eragileen parte hartzea eta elkartasuna arazo bilakatu zaie eta eten egin nahi dute.
Honengatik guztiagatik, Getxoko Ezker Abertzaleko Udal Hautetsiok Udaleko Osoko Bilkurari akordiorako hurrengo proposamena helarazten diogu:
1) Gabi Basañez getxotarraren eta Askapeneko beste kideen kargurik gabeko askatasuna eskatzea.
2) Estatu espainiarra aurrera eramaten ari den kanpaina politiko errepresiboak gelditzeko ozenki aldarrikatzea.
Getxon, 2010eko urriaren 25ean