Sei hilabete eta bi urte arteko umetxoentzako igeriketa saioak larunbatetan izango dira, Gobela kiroldegian, 9:45etik 10:15era. Horietara bainu-txanoa, uretako pixoihala, bainujantzia eta jostailu flotagarria eraman beharko dituzte aita-amek. "Saio horien helburua ez da igeri egiten ikastea, baina berauetan egiten dituzten ariketak, aitaren edo amaren ondoan, oso onuragarriak dira, umetxoaren garapen fisikoa, afektiboa eta kognitiboa indartzen laguntzen dutelako", azaldu dute Getxoko Udalekoek.
Haurdun dauden emakumeentzako jarduerak ere Gobelan izango dira, larunbatetan, 9:00etatik 9:40era arte. Haurdunaldiko 24. astea gainditu dutenei daude zuzenduta. Sendagileak baimena ematea gomendatzen da. Adituek diotenez, uretan egiten den ariketa fisikoa egokia da erditzea prestatzeko egiten diren ikastaro zehatzen osagarri gisa. Haurdunaldiaren berezkoak diren aldaketa fisikoek eragindako arazoak arintzeaz gain, umea izateko unean diharduten giharrak lantzen omen dira. Halaber, larunbatetan, 10:20etik 11:00ak arte, Gobelako igerilekuan, erditu duten umeentzako ariketa saioak eskainiko dituzte. Horietan parte hartu ahal izango dute erditzetik bi eta sei hilabete artean egin dituzten emakumeek. Erditze aurreko ur-jardueratan bezala, programa horrek sasoia berreskuratzen lagunduko die ama berriei, lesio-arriskua gutxienekoa den ingurune batean.
Azkenik, Fadurako igerilekuetan jolasak egingo dituzte igandeetan, 10:00etatik 11:00ak arte. 5 urte bete duten eta, gutxienez, pertsona heldu bat lagun daramaten neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute horietan. Izan ere, izena ematen duten pertsonek ur zirkuitu eta jolas, aquagym, waterpolo, koltxoi eta ginkanaz gozatu ahal izango dute.