Erandioko Asua auzoan egindako lindano zabortegi "ilegal eta klandestinoari" buruzko auziaren artxibatzea berretsi egin du Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehen aretoak. Bilboko 7. Instrukzio Epaitegiak martxoan deliberatu zuen kausa amaitutzat jotzea. Lur Maitea elkarteak, ordea, erabaki horren aurka egin zuen. Oraingo honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean baino ezin daiteke aurkeztu errekurtsoa. Hori bera egingo dutela aipatu du Consuelo Elosua lehen aipatu talde ekologistako bozeramaileak. Lur Maiteak aspaldi aurkeztu zuen salaketa eta 1394/03 zenbakiko auzian Euskalduna zabortegian lindano bota izanaz gain, hondakin arriskutsuak Argalariora eraman ondoren zabortegiko eremua behar bezala garbitu gabe Prycari saldu eta merkataritza gune handia (egun, Carrefourrena dena) eraikitzen utzi izana ere leporatu zien Eusko Jaurlaritzari, Erandioko Udalari, Ihobe SA ingurumen kudeaketarako enpresa publikoari eta Edificaciones Industriales Asua SA (Edinasa) enpresari. Argazkian, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburu ohiak ere auziperatu gisa deklaratu behar izan zuen / © Eusko Alkartasuna.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!