
Alcorcongo (Madril, Espainia) Udaltzaingoaren aurrean salaketa aurkeztu zuten joan den ostegun gauean Athletic-en hiru zaletuk, ustez Frente Atletico talde faxistako kideak ziren gizon bik mehatxu egin zietelakoan. Hamaikako bilbotarrak bertoko futbol taldearen kontrako Espainiako Errege Kopako partida jokatu zuen aipatu egunean.
"Deia" egunkariak zabaldutakoaren arabera, bueltako bidaiari ekiteko asmoz autora zihoazela, "skinhead itxurako bi pertsona atzean zituztela" konturatu ziren talde zurigorriko zaleak; hirurak Gorliz eta Plentziakoak. Horrelako batean tamaina handiko labana atera zuen ustezko faxistetako batek. Gauzak horrela, Renfeko Alcorcongo geltokian babestu behar izan ziren, bertan bideokamerak zeudela aprobetxatuz. Hala ere, "bultzatu eta ikurrina eta Athleticeko bufanda eraman zuten" ultrek. Argazkian, azaroaren 9ko Faxismo, Sexismo, Diskriminazio eta Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko Egunerako
Sare Antifaxistak zabaldutako kartela.