Aitxu! Sopelako euskara taldeak azaroaren 19rako, ostirala, antolatu du "Euskarak batzen gaitu" ekitaldiaren laugarren edizioa. Aurreko urteetan Taberna Ibiltaria taldearen laguntza izan dute, jaialdia arrakastatsua suertatuz. Aurten, aipatu lagunez gain, Anje Duhalde abeslari ezaguna izango da Sopelan. Lehenengo saioa 18:30etan egingo dute, Laiak tabernan. Duhaldek bere abestiak kantatuko ditu, Taberna Ibiltariaren eta bertan bilduko diren guztiekin batera. Hori errazteko, kanten letrak banatuko dituzte. Bigarren saioa, berriz, Sopelako pilotalekuan izango da. Bertan, 300 lagunentzako herri afaria prestatuko dute. Sabelak bete ostean, herriko eragile ezberdinek, multzoka, abesti bat kantatuko dute, Taberna Ibiltarikoen gidaritzapean. Afarirako txartelak dagoeneko salgai daude, Laiak tabernan, taberna alemaniarrean, Yako dendan eta Sopelako turismo bulegoan, 18 euroren truke. "Ez da txartelik gordeko", Aitxu! euskara taldekoek zehaztu dutenez. Argazkian, orain bi urteko kantaldia / © Aitxu! euskara taldea.