Anton Fernandez eta Josu Murueta gogoratzeko hainbat ekitaldi izango dira egunotan Erandion

Joan den astean bete ziren 41 urte Erandioko gertaeretatik. 1969ko urriaren 28ko gauean Francoren poliziaren bala batek Anton Fernandez altzagarraren burua jo zuen, garai horietan erandioztarrak itotzen ari zen kutsaduraren kontrako protestetako bati etxeko balkoitik begira ari zela. 15 egunez koman egon ostean, ospitalean hil zen. 29an, goizez, 2.500 langile baino gehiago kalera irten ziren protesta egiten jarraitzeko asmoz. Orduan 31 urte zeuzkan Josu Murueta astrabuduarra sabelaldean tiro bat hartuta hil zen, gau horretan bertan. Horiek guztiak gogoratzeko, aste honetan, hainbat ekitaldi izango dira Erandion. Bihar, asteazkena, "Erandio 1969" izenburuko DVDa aurkeztuko dute LAB sindikatuak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Hitzordua 19:30ean jarri dute Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean. Argazkian, joan den ostiralean, "La lucha contra la contaminacion. Los sucesos de Erandio 1969. In memorian" liburua aurkeztu zuen, Erandioko udal batzar aretoan, Txetxu Aurrekoetxeak, Joseba Goikouria alkatea, Anton Fernandez eta Josu Muruetaren senideak eta Gasaren Kontrako Batzordean berarekin ibilitako kideak lagun zituela.

Ostegunean, berriz, "Todos los luchadores, todas las victimas" lelopeko hitzaldia eskainiko dute, 19:30etik aurrera, Erandioko udaletxeko etxabean. Azkenik, larunbat honetan, hilak 6, Anton Fernandez eta Josu Muruetaren omenezko ekitaldia egingo dute udaletxeko plazan, 13:00etan hasita.

Liburua

Bestalde, joan den ostiralean, hilak 29, "La lucha contra la contaminacion. Los sucesos de Erandio 1969. In memorian" liburua aurkeztu zuen, Erandioko udal batzar aretoan, Txetxu Aurrekoetxeak (mp3, espainolez). Tokiko erakundeak argitaratu du aipatu lana. Joseba Goikouria alkateaz (mp3, espainolez) gain, Anton Fernandez eta Josu Muruetaren senideak eta Gasaren Kontrako Batzordean berarekin ibilitako kideak izan zituen lagun ekitaldian Aurrekoetxeak. Erandioztarrak orduko egunkarien ebakinak eta dokumentuak erabili ditu 1969an gertatutakoen berri emateko. Horien artean, Muruetaren familiarren eskutik lortu zuen Aurrekoetxeak astrabuduarrari jo zion bala bota zuen poliziaren izena agertzen den agiri ofiziala. Hala ere, auzia artxibatu egin zuten. "La lucha contra la contaminacion. Los sucesos de Erandio 1969. In memorian" izenburuko lana horrela eskatzen duten Erandioko liburu dendetan jarriko dute salgai, 5 eurotan.

Liburuaren aurkezpena iruditan:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun