Itxura faltsuek ez gaitzatela engaina, ezta homofobia akabatu dugula pentsarazi ere. Egia da zenbait gauza hobera aldatu direla, batez ere legari dagokionez, baina gay, lesbiana eta transexualekiko diskriminazioak dirau eta modu askotan azaleratzen da; baita ere lehengo egunean gertaturikoa bezalako eraso zuzenen bidez. Gure gizartearen sektore batzuetan oraindik nagusi den homofobia honek ez du laguntzen bizitza-estilo eta desio diferenteak dituztenen arteko elkarbizitza. Batzuen iritziz, gainera, batere gozoa ez den errealitate honetan, eragin handikoak izan dira: alde batetik gure herriaren egoera soziopolitikotik eratorria den faxismoaren harropuztea, eta, beste aldetik, hainbat motatako fanatismo erlijiosoaren areagotzea.
Behean sinatzen dugun elkarteok segitzen dugu tinko holako jarrera deliktiboen kontrako konpromisoan; batez ere oinarrizko giza eskubide baten aurkako erasoa ere badirelako: geure sexualitatea eta geure aktibitatea askatasunean bizi ahal izateko eskubidea, hain zuzen. Hau dena, gizarte justuago eta berdintzaileago baten aldeko borrokaren testuinguruan kokatzen dugu.
Erasotuei elkartasuna adierazi nahi diegu eta besarkada beroa eman. Era berean, dei egiten diogu gizarteari adi egon dadin eta homofobiaren aurka modu aktiboan borrokatu dezan.
Bilbon, 2010eko azaroaren 2an.
E28 Koordinakundea: EHGAM, Bizigay, Euskal Hartzak, Aldarte, MDM eta Hegoak.