"Unas pokas monedas" izenburuko diskoan estilo anitzeko abestiak aurki ditzakegu; bai musika aldetik, rock, punk, ska edo harcore doinuak jorratzen dituztelako; bai hitzen aldetik, gai ezberdinen inguruan aritzen direlako. Besteak beste, errealitate ekonomikoa, Euskal Herriko gatazka politikoa, emakumeek sufritzen duten biolentzia edo ekologiari buruz dihardute. Hau da, euren inguruan dutena "ahalik eta argien islatzen" saiatu dira diskoan. Taldekideen erreferentziak oso desberdinak eta anitzak dira, baina DARekoek nahiago dute "entzuleek diskoa entzun eta iritzia ematea". Diskoaren diseinua Ritxi eta Ines lagunek landu dute, Unairen laguntzaz.
Dale ke Aun Respira (DAR)
2006-2007 urte bitartean Patada en la Papada eta Oi! Kobras musika taldeak desegin ziren (gaur egun Patada en la Papada eszenatokietan jarraitzen du). Gauzak horrela, bi taldeetako hainbat kide elkartu eta proiektu berri bat jarri zuten martxan: Dale ke Aun Respira (DAR). Baina, beste gitarra baten falta sumaturik bilaka jarri eta Iker aurkitu zuten. Beraz, momentuan, taldea Fede (ahotsa), Aitor (gitarra), Iker (gitarra), Ibai (baxua) eta Alex (bateria) osotu zuten.
Baina taldea egitura horrekin oso gutxi iraun zuen, izan ere, Alexek alde egin behar izan zuen beste proiektu batzuk abian jartzeko. Ondorioz, Natali (Ovarios Varios eta Okupando Rom@) eurekin ibili zen entseatzen fabore gisa, Llagu topatu zuten arte. Beraz, bateria berriarekin taldea finkatu eta 4 abestiz osaturiko lehenengo maketa kaleratu zuten.
2008ko udan, Aitorrek denboraldi labur baterako taldea usteko erabakia hartu zuen eta Llaguk ere taldea utzi zuen beste proiektu batzuetan murgiltzeko. Ondoren, Aitor bueltan zelarik, Natalirekin jarri ziren berriz kontaktuan bigarren ahotsean eta perkusioan aritzeko. Eta bateriari dagokionez, bilaka ibili ostean Andoni (Kosetxa Propia) topatu zuten 2008ko amaiera aldean. Beraz, gaur egun, Dale ke Aun Respira taldea dira: Aitor (gitarra eta koruak), Ibai (baxua eta koruak), Iker (gitarra eta koruak), Andoni(bateria), Nataly (ahotsa eta perkusioa) eta Fede (ahotsa).
Musikherria
DAR taldearen lehenengo diskoa aurkezteko Bilboko Zazpi Kaleetako Gatazka Gunea aukeratu izana ez da kasualitatea, Gorka Chamorro Musikherria herri diskoetxeko kideak azaldu duenez (mp3). Bere hitzetan, "Gatazka Gunea bezalako proiektuekin, musika mundua, kultur mundua, negozio zikin bat baino gehiago dela pentsatzen dugunok bagarela argi geratzen da, eta horregatik eroso sentitzen dugu gure burua hemen".
Ildo berean, FNAC edo Elkar bezalako "merkataritza guneetan" beraien lanak aurkezten dituzten artistekin oso kritiko agertu da Musikherriakoa: "musikari eta idazle hauek esaten ez dutela da, beraien lana merkeago saltzea gustatuko litzaiekeen arren, merkatalgune hauek beraien lanak banatu eta saltzeagatik kobratzen dieten kopurua dela eta, garestitu behar izan dutela, horrek suposatzen duen mugarekin, irakurle ahalik eta gehiagorengana heltzeko", aipatu duenez. SGAE, SACEM edo antzeko elkarteei, berriz, "nakar batzuen mesedeetan dirua lapurtzea" egotzi die Chamorrok.
Gaurko aurkezpena iruditan: