Urriaren 1etik itsasori begira ibili ostean, atzo, asteazkena, egin ahal izan zuten Punta Galea Big Challenge surf txapelketaren bosgarren edizioa. Aipatu proba Euskal Herrian egiten den olatu handien lehia bakarra da, antolatzaileen arabera. Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Red Bullen babespean, 8.000 euroko sariak banatu dituzte aurten parte-hartzaileen artean. Txapelketari goizeko 10:30ean eman zioten hasiera eta 14:00etara arte ibili ziren 16 surflarik olatu handiena hartu nahian. Tartean, hainbat epaile espezialista ibili ziren surflarien eboluzioak aztertzen. Horrenbestez, Indar Unanue zarauztarrak jantzi zuen olatu handienaren txapela eta, horregatik, 1.500 euro irabazi zituen. Bestalde, Jon Garai algortarra izendatu zuten eguneko surflaririk onena, 2.000 euroko saria emanez. Jaitsiera onena, berriz, David Bustamante "Zuku" sopeloztarrak egin zuen, 1.200 euroko saria jasoz. Argazkian, txapelketaren aurreko edizio bat / © Getxoko Udala.