Bihar, ostirala, "Preso bat, egunkari bat" kanpainako laugarren kontzertua egingo dute Trapagaranen,
Bilbomatiks eta Sovieht taldeen eskutik. Antolatzaileek zabaldu dutenez, "Euskal Herritik urrun sakabanatuta dauden Traparango hiru presoek egunerokotasunez Euskal Herriko bizitza jarraitu ahal" dezaten, "Preso bat, egunkari bat" kanpaina aspaldi antolatu zuten Trapagarango
Basetxe gaztetxeak eta bertako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Biharko ekitaldia gaueko 9etan abiatuko da gaztetxean. Bertan, hiru euroko sarreraren truke, Sestaoko Sovieht hard rock taldearen eta Bilboko Bilbomatiks ska taldearen mezu zuzen eta garratzak zein dantzarako doinuak gozatu ahal izango dira. Kontzertuan aterako den dirua Coruñako Curtis-Texeiro, Kordoba eta Badajozko espetxeetan dituzten Zigor Blanco, Oscar Calabozo eta Nerea Garaizarri egunkari baten urteko harpidetza bana ordaintzera bideratuko da. Orain dela bi urteko jaialdia Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean burutu zen, Basetxen egiteko arazoak zeudela. Argazkian, Bilbomatiks taldea / cc-by-nc-sa
Saioa Cabañas - Gauilunak.