Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna abokatuen aurkako polizia operazioan atxilotu zuten apirilaren 14an eta, bost egunez inkomunikatua eduki ondoren, espetxean sartu zuten. Berehala Cacereseko kartzelara eraman zuten. Emakumeen moduluan sartu zuten, bertan zegoen euskal preso politiko bakarra zela. Hainbat hilabetez bakarrik egon ondoren, espetxe horretan dauden euskal preso politikoek borrokaldia abiatu zuten, Zuluetak bizi zuen bakartze egoera amaitzeko eskatuz. Itxialdia ere egin zuten. "Egoera konpontzera bidean, zuzendariarekin hitz egiten ari zirela, Malagako espetxera lekualdatu dute Arantza, bertan isolamenduko modulu batean sartu dutelarik, erabat bakarturik", salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Malagako espetxean beste lau euskal preso politiko zeuden, baina azken astean horietako hiru beste kartzela batzuetara mugitu dituzte. Une honetan, gizonezkoen moduluan ere preso politiko bakarra dago. AAMren arabera, sei hilabete daramatza bakartuta Zuluetak. Argazkian, Zulueta atxilotu zuten gauean / cc-by-sa Askatu.org.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!