Goizean goiz hasi ziren batzen neska-mutilak Algortako Bihotz Alai plazan inguruak atontzeko asmoz: sagardo kupela muntatu lehendabizi, mahaiak eta aulkiak jartzen hasi ondoren... Ordurako salgai zeuden jada euro banatan aurtengo baba janaren zapia eta edalontzi berriz erabiltzeko edalontzia, baita despistatuentzako bazkarirako txartela ere. Behin guztia prest heldu zen sagardo freskoaz zintzurrak bustitzeko tartea, txotx eginez. Oraindik nagienak heltzen ari zirela, eguerdiko ordu biak aldera eman zioten hasiera ekitaldiari: txalaparta deia lehendabizi, aurresku dantza ondoren... bertso sorta ederra (mp3) utzi zuten hiru bertsolari gaztek. Eguna goibel egonda ordura arte eutsi zion arren, bildutako jendea bazkaltzera esertzera zihoala hasi zen euri zaparrada. Koadrila bakar batek hartu zituen plaza erdiko lekuak. Hori bai, toldo baten azpian bazkaldu behar izan zuten. Gainontzeko neska-mutil guztiek plaza inguruko teilapean aurkitu zuten lekua.
Bazkaloste ederra
Bazkalostean heldu ziren ohiko apustuak (gazta batek zenbat pisatzen duen...) eta jolasak. Dena batu ostean, berriz, elektropoteoari ekin zioten Algortako tabernetan zehar. Orduan heldu ei zen eguneko tentsio une bakarra. Lekukoen arabera, Indabadako lagunak zein geroko txikiteora batutakoak Amnistia tabernan zeudela, Ertzaintzaren furgoneta bat heldu, poliziak atera eta, "errepideko erreietako bat libre utzi ezean" oldartzearekin mehatxu egin zieten neska-mutilei uniformedunek. Hala ere, gorabehera handiagorik ez zen egon. Tabernak itxi ostean, batek baino gehiagok egin zuen gaupasa Getxoko Txorimalo gaztetxean.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da...
Eguraldia lagun ez izan arren, 400 neska-mutil baino gehiago batu zen joan den larunbatean Algortako Bihotz Alai plazan, Indabadaren hamaikagarren edizioaz gozatzeko. Ez dira gutxi Algortako Gazte Asanbladak (AGA) urtetik urtera aurkitutako oztopoak. Besteak beste, 300 euroko isuna jarri zien iaz Imanol Landa jelkideak zuzentzen duen Udal Gobernuak, baba-jana erraldoia egiteagatik. Horretaz gain, Getxo Antzoki berriaren lanen ondorioz, tokiz aldatu behar izan zuten herri bazkaria: Txiki Otaegi plazatik Bihotz Alaira, alegia. AGAk jakinarazi duenez, aurten, Ertzaintzaren deia jaso zuen gazteetako batek, Indabadaren arduraduntzat hartuz. Hori gutxi balitz bezala, "inoiz baino gehiago, gazteak txoko zuloetan sartuta" daudela ematen du