Euskal Herritik etorritako trikitilari eta musikariekin batera, Italiatik, Bretainiatik eta Herrialde Katalanetatik etorritako artistak ere hurbilduko dira aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdira. Italiatik, Filippo Gambettak kutsu tradizionaleko autore-musikako emanaldia eskainiko du soinu diatoniko eta gitarra akustikoaren bidez, Claudio de Angelirekin batera. Konposizioak hein handi batean Filipporenak dira, estilo ezberdinetakoak eta guztiz libreak. Imosima taldeak, berriz, Bretainiako, Irlandako eta Quebec-eko musika egiten du, baina jaialdian Bretainiako dantza eta festarako musika eskainiko dute. Horrela, musika tradizionala eta sorkuntza berriagoak uztartuko dituzte, Audrey Le Jossec akordeoi diatoniko jotzailearen gustu eta ukitu bereziarekin. Bitartean, Blai Casals eta Manu Sabate musikari gazteek Kataluniako musika tradizionalarekiko zaletasuna gordetzen dute. 2003an elkar ezagutu zutenetik biak daude folk munduan murgildurik.
Euskal Herriko ordezkariak
Urola bailarako Kupela taldea Zabale (trikitixa), Larrañaga (panderoa eta ahotsa) eta Berastegi (perkusioa) hirukoteak osatzen du. Erromeria giroan urte luzeetako esperientzia biltzen duen banda da. Festarako eta dantzarako musika alaia egiten dute. Aurten, "Arriskua maite" azken lana aurkeztu dute. Mirari Azkunek eta Aitziber Otegik, berriz, Euskal Kantu Txapelketan parte hartu zuten orain bi urte bikote moduan, musika laguntza eta "a capella" modalitateetan abestuz. Interpretazio onenaren saria irabazi zuten musika laguntza modalitatean. Aurten, Sanjoseetako jaialdian ere parte hartu dute , Mirariren lehengusuekin batera. Azkenik, urtean zehar banda osoarekin herri zein folk jaialdi ezberdinetan hainbat kontzertu eskaini ondoren (Ortigueira, Mendebala eta Getxo, besteak beste), bikote formatuan euren musika moldatuz ere emanaldiak egin dituzte Xabi Aburruzagak eta Jose Urrezolak. Jaialdian “Denboraren naufrago” diskoko piezak eskainiko dituzte. Josek Xabiren trikitixa doinuak jantziko ditu, hainbat musika tresna erabiliz .
Sarrerak
Sarrerak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hasi baino lehenago erosi ahal izango dira, 6 eurotan, Andres Isasi musika eskolako leihatilan. Aldez aurretik, BBKko kutxazainetan eta Getxoko Kultur Etxearen bitartez ere eros daitezke prezio berdinean.