Gorlizko Udal Euskara Zerbitzuak film laburren lehiaketa antolatu du azaroaren 27rako. Tokiko iturriek aipatu dutenez, parte hartzeko "16 urte baino gehiago eta 110 urte baino gutxiago izatea beharrezkoa da". Horiek, euren filma euskara hutsean grabatu beharko dute, ekimenaren helburua udalerriko lagunen artean euskara sustatzea baita, Udalak adierazi duenez. Lehiaketa goizeko 10etan hasiko da eta parte-hartzaileek arratsaldeko 6ak arte izango dute film laburra grabatzeko. Irabazleak 200 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 100 eurokoa. Sariak egunean bertan banatuko dituzte Urezarantzeko pabilioian, arratsaldeko zortzietan. Epaimahaia Lander Otaolak, Xabier Mendiak eta Eider Azkorrak osatuko dute. Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea hilaren 26ra arte egongo da zabalik. Argazkian, hainbat gazte grabazioa egiten Ikus-entzunezkoen Rallyaren iazko edizioan / cc-by-nc-sa
Topagunea.