Imanol Landa Getxoko alkateak bere elkartasuna agertu dio saharar herriari gaur goizean, El Aaiunetik 13 kilometrora dagoen Gdaim Izik kanpamenduko "egoera larritu" egin delako. Tokiko agintariak bere kezka agertu du azken ordutan bizi izandako gertaerengatik. Hedabide batzuek zabaldu dutenez, Morrokoko armada saraharren eskubideak aldarrikatzeko jarritako aipatu kanpamentua indarrez suntsitzen hasi da, hainbat hildako eta zauritu eraginez, haimak erretzearekin batera. Landak eskatu du saharar herriaren giza eskubideak eta eskubide kolektiboak errespetatzea, baita inplikatutako aldeen arteko negoziazioak berriro martxan jartzea ere. Aldi berean, "nazioarteko eskubidea indarrean jartzea" eskatu du, "35 urte baino luzeago irauten duen egoera konpon dadin, sufrimendu eta min gehiagorik gabe”. Argazkian, Saharako hainbat ume Getxon.