Gaur, astelehena, eta hurrengo bi asteetan zehar, arrazakeriaren kontrako zinemaldia egingo dute Algortan,
"Gara" egunkariak zabaldu duenez. Koloreetan Bizi izeneko ekimen hori, urtero Bizkaiko hainbat herrietan ospatzen da. Zinemaldi horren helburua pelikula erakargarrien bitartez eskubide berdintasuna eta aniztasunaren alde sentikortzea da. Proiekzioak Algortako Villamonte kultur etxean egingo dituzte 19:30ean. Aurten, besteak beste, ijitoen kontrako jazarpena eta Europar Batasunean etorkinen "kriminalizazioa" jorratuko dute. Emanaldiak gaur hasiko dituzte Cherien Dabisen "Amerika" filmarekin. Etzi, film laburrak botako dituzte. Hilaren 15ean, astelehena, Orson The Kid eskolak zuzendutako "Los veraneantes" eskainiko dute, eta, asteazkenean, hilak 17, "Made in L.A.". Emanaldi guztietan sarrera doakoa izango da. Argazkian, "Made in L.A." pelikula proiektatuko dute.