Maiatzaren 21ean, Algortan presoen aldeko kontzentrazio batean parte hartzeagatik, 500 euroko isunak jarri dizkiete bi laguni,
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez. Kontzentrazioa “komunikatuta” ez zegoelakoan, bi algortarrak identifikatu egin zituzten egun hartan, eta orain iritsi zaizkie isunak. Berangon, beste lagun batek ere beste 500 euroko isuna jaso berri du, herriko jaietako presoen aldarrikapenen harira, errepresioaren kontrako erakundeak gaineratu duenez. Bilbon ere hainbat lagunek 500 euroko isunak jaso dituzte azken egunotan presoen aldeko ekitaldi batean izateagatik. Isunak "zapalketa politikoaren estrategian diseinatutako tresna errepresibo zehatz eta gotorra" da, AMMren ustez. Euren hitzetan, "nahi dutenean ezartzen dituzte, nahi duten aitzakiarekin, gustukoak ez dituzten mobilizazioak eta aldarrikapenak eragozteko asmoz". "Urteak eta urteak daramatzagu isunak jasaten, guztira dirutza ikaragarriak pilatuz…", amaitu dutenez. Argazkian, maiatzaren 21eko mobilizazioa.