Oroimenari ezin zaio mugarik jarri, bestela alde bakar bateko memoriaz hitz egiten ari gara soilik, (memoria selektiboaz, edo agian amnesia selektiboaz) eta nire iritziz proposamen hau oso aldebakar batekoa da.
Euskal Herrian bizi dugun gatazka gogorraren alde bakar batean dauden biktimez ari da proposamen hau, baina baztertzen eta ahazten ditu beste biktima asko eta asko. Alde bakar bateko biktima horiek nire errespetu guztia merezi dute, errespetua ez ezik, nire nahia eta, nire txikitasunean, nire lana ere, biktima gehiagorik egon ez dadin, eta hain zuzen, argi eta garbi bat egiten dut Gernikako deklarazioan esaten denarekin: “Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori”.
Azaroaren 10eko proposamenean gogoan hartzen diren biktimek ez dute inondik inora bat egiten nire oroitzapenean dauden hainbat eta hainbat biktimekin. Proposamenean aipatzen direnak onartzen ditut, eta errepikatuko dut, errespetua, nahia eta lana, biktima gehiagorik egon ez dadin, baina biktima asko falta dira, herri honen sentimenduan eta eguneroko bizian badaudenak: errepresioaren biktimak; talde paramilitarrenak, AAA, BVE, GAL; polizien biktimak, torturatuak, arbitrarioki egindako atxiloketak; epaiketa politikoenak, Ad hoc egindako legeenak; sententziarik ez duten eta biktima diren senitartekoenak… hauek ere biktimak dira. Ez dago maila ezberdineko biktimarik.
Ezkutatzen den egiak, desitxuratzen den errealitateak, iruzurra egiten dio etorkizunari, eta horregatik hitz hauen guztien gainetik gonbidapena egiten dizuet Euskal Memoriaren Fundazioaren web orria begira dezazuen.
Guillermo Vio "Willi" ezker abertzaleko zinegotziak atzo Sopela.net-en argitaratutako artikulua.