UKBERRI.NETek zazpi urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 9a, 02:59

Atzo, 2010eko azaroaren 8an, zazpi urte bete zituen UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak. 2.557 egun horietan zeharo aldatu da eskualdeko egoera Interneti eta komunikazioari dagokionez. Irakurtzen duzun komunikabide hau jaio zezan izan genuen arrazoi gordina Jose Maria Aznarren Gobernuak eman zigun. Izan ere, 2003ko otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan Del Olmo epaileak eta Guardia Zibilak "Euskaldunon Egunkaria" itxi zuten. Horrekin batera, euskarazko egunkari nazionalak argitaratzen zituen "Bizkaia" gehigarria eta webgunea zarratu zuten. "Bizkaia" Bizkaiko tokiko albisteak ia egunero bizkaieraz irakurtzeko aukera bakarra izan zen iraun zuen bitartean eta Uribe Kostako albisteei orrialde bat eskaintzen zien, Veronica Muñoz kazetariak egindako lanari esker. Gure lurralde txiki hori berreskuratzea izan zuen hizpide UKBERRI.NETek, Youtube, Facebook, Tuenti, Firefox edota Twitter bezalako tresnak oraindik sortu gabe zeuden garaian.

Testu txikiekin eta argazki are ttipiagoekin abiatu zen orduan "UKBERRI.NET Uribe Kostako Komunitate euskalduna" zeritzon komunikabidea. Barrikako itsaslabarrek ematen zioten irudia proiektuari, oraindik gurean ikus daitekeen berde kolore lasaian. Gerora etorriko zen "Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala" leloa, Euskaltzaindiak bere toponimia izendegian Uribe Kosta eskualdeak bederatzi udalerri zituela finkatu zuenean, ofizialki Erandio Txorierrin kokatuz.

Garai hartakoak

UKBERRI.NET kaleratu zenean, "UK" aldizkariak 52. zenbakia kaleratu zuen eta logotipoa lauki batean ekartzen zuen, garaian ohi legez. Hamabostekaria zen, gaur bezala, eta Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak bultzatzen zebilen udalerrirako logotipo berria ("belaontzi" famatua) erabiltzen zuen "UK"-k. ALBEk, Bizarra Lepoanek eta UKBERRI.NETek, bitartean, boikota egiten zioten "belaontziari".

Koska irratiko lagunek Uribe Kostako irrati librea zirela, eta ez soilik Algortakoa, azaltzen nahiko lana zeukaten orduan. Sarrikobaso kaleko lonja batetik emititzen zuten, FMko 104.1ean.

Bestalde, eskualdeko euskalgintzak ez zituen gaur egungo osagai batzuk. Esate baterako Aitxu! eta Berbalamiñe Sopelako eta Leioako euskara elkarteak oraindik jaio gabe zeuden.

Handik hona, posta elektronikoa, blogak, mikroblogak eta sare sozialak ugaldu dira eta ia inork erabiltzen ez zituenak herri mugimenduetan eta elkartegintzan oro har hedatu dira. Koadrilen artean, berriz, aipagarria da urte hauetan eman den Fotologen hazkundea eta gainbehera.

Egunerokotasuna, dramak, irriak eta zentsura

UKBERRI.NETi ere denetarik tokatu zaio jarraitzea: Yahaira, Eunate edo Armandoren garaipenak; Aintzane Garairen tragedia; Xabi, Itxaso, Arrate eta Joneren txapelak; erbesteratzeak, amiantoak, lan baldintzek, suteek eta trafikoak hildako uribekostarrak; ETAren atentatuen aurkako protestak; euskararen aldeko hamaika ekimen; alderdikeria nahikotxu; emakumeen, ikasleen, euskal preso politikoen, langileen, euskaldunen, etorkinen eta zenbait kolektiboren aldeko kale sostengua; arte, kultur eta sorkuntzaren mila adibide; gazte indarraren etengabeko adibideak; herri eta gizarte justuagoen adierazpenak; errepresio bortitza; Polizi oldartzeak; kale borroka; muntaiak; hedabideen manipulazioa; mendekua; gorrotoak eta bake nahia; euriteak, uholdeak eta galernak; hamaika lapurreta...

Lapurretak hizpide, gogoratu beharra dugu gure erredakzioaren aurka egindako operazio zikina, non Guardia Zibilak gure argazkilari bat erretenitu eta 48 bat ordura, hainbat argazki-kamera, disko gogorrak eta ordenagailu bat eraman zuten. Zentsura pairatzea ere egokitu zitzaigun, Getxoko EAJren eta Ertzaintzaren aldetik.

Sinergiak eta jasotako laguntzak

Baina, era berean, bide horretan hainbat bidaide egin ditugu. Gaztesarearekin eta hainbat blogarirekin eta irrati libreekin Kontrainformazio taldean ibili ginen, guretzat oso eskola garrantzitsua izan zena. Hitza.info-rekin Uribe Kostako albisteak eskaini genizkion Euskal Herria osoari. Koska irratiarekin batera, egunero "Koskaberri" albistegia emititzen dugu, dagoeneko hirugarren denboraldian gaudela. Ikasturte honetan, Bilboko Tas-Tas irratiko "Kaleko
bentanien" saioan ere eskualdearen berri ematen dugu ostiralero. "Bizkaiko Hitza" sortu berriari ere gure laguntza apala ematen diogu eta laster Berria.info-n eskualdeko albisteak eskainiko ditugu, atzotik Euskalherrian.info-n egin bezala. Bestalde, aukera izan dugu irudiak Wikipedian, "UK"-n, "Berria"-n, "Gara"-n, "Gaztezulo"-n, "Xirika"-n, Sopela.net-en, Etengaben eta abar luze batean.

Tartean, Leioako Maritxu Teilagorri txosna batzordean, Algortako jai batzordean, Sopela eta Larrabasterrako Txosna Batzordean, Aldai Patronatuan eta Sarea Josten ekimenean murgiltzen gara.

Urte guzti hauetan, zu, irakurle, izan zaitugu ondoan, baita lantzean behin artikuluren bat, argazkiren bat, deialdiren bat, kronikaren bat, laguntza ekonomikoren bat, aholkuren bat, txosna txandaren bat bazkidetza egiteko konpromisoa eta abar eskaini diguzuen guztiok. Ezker mila.

Sei milioi orri

Zuei esker, zazpi urte hauetan 13.877 albiste eta iritzi argitaratu ditugu. Guztira, 861.542 bisita jaso ditugu, gure irakurleek ia sei milioi orri ikusi dituztela. Zehazki, 5.942.131 orri izan dira ikusitakoak. Denbora guzti horretan, 10.713 erabiltzaile ezberdin izan da webguneak eskuratutako marka. Baina horretaz gain, milaka eta milaka dira Twitter-en, Flickr-en, Facebook-en eta abarretan gure edukiak jarraitzen dituzten lagunak.

Besterik gabe, guretzat seinalatua den data honen bueltan, UKBERRI.NETeko langileok pozago agertuko ginateke gure eskualdeko eta gure aberriko komunitate euskalduna trinkotuago egongo balitz, gure hizkuntz-herriak dituen beharrak gidatuta. Era berean, erabat ulertezinak iruditu zaizkigu azken asteotan burututako Imanol Beristainen, Gabi Basañezen, Erika BIlbaoren eta beste eta beste lagunen atxiloketak eta ahalik eta lasterren haien kaleratzeen albisteak eskaintzea espero dugu.

UKBERRI.NETek jasotzen dituen bisiten eboluzioa

bisitak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun