Joan den astetik mobilizazioetan murgilduta dabiltza ELA, LAB, CCOO, UGT, ErNE eta SVPE sindikatuak. Egunero, bi ordutako lanuztea egiten ari dira langileen ordezkariak, non eta apropos ikusten duten lekuan. Bitartean, ez dira gutxi "Murrizketarik ez" lelopeko pegatina paparrean daramaten udal langileak.
Azken udal batzarra
Besteak beste, urriaren 29rako, goizeko 9etatik 11ak arteko lan uztea iragarria zegoen eta udal langileak udaletxe aurrean bildu ziren. Udal batzarra hasi eta gutxira "Ez, ez, ez, murrizketarik ez" eta beste lelo batzuk ozenki zabalduz langile andana batzar aretora sartu zen eta osoko bilkura eten egin zuten. 11:00ak aldera langile gehienak euren lanpostuetara itzuli ziren eta sindikatuetako ordezkariak bakarrik geratu ziren batzar aretoan. Une horretan alkateak langileen ordezkarien kanporatzea agindu zuen eta udaltzainek lurrean eseritakoak banaka banaka atera arazi zituzten. Alternatiba alderdiko hautetsiak bat egin zuen langileen ekintzarekin eta bera ere kanporatua izan zen. Ondoren ez zen Udal Batzarrera bueltatu. Ezker abertzaleko hautetsiek udal langileekin izan ziren udaletxe atarian. Udal langileen protestarekin bat egin zuten, baina behin batzar aretora sartuta, Gabi Basañez eta Imanol Beristain kartzelatutako herrikideen egoeraren salaketari lehentasuna emanez, kanporatuak ez izateko jarrera mantendu zuten.