Daniel de Miguel: "Erregionalista ala independentista?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 9a, 15:03

Mezu elektroniko bat zirkulatzen dabil Euskal Herriko e-posta kontuetan zehar. Nik neuk ere jaso dut nire sarrera ontzian, eta beharbada zuri ere, irakurle, ailegatu zaizu. Horren arabera "El Pais" egunkariaren edizio digitalak inkesta bat plazaratu du iritziak jasotzeko duela aste batzuk zabaldu zen albiste baten gainean, alegia, Espainiako Senatuan, gaztelaniaz aparte, estatuko beste hizkuntza koofizialak erabiltzeko posibilitatearen gainean. Hain zuzen ere, planteatzen den galdera hauxe da: "Ondo deritzozu Senatuan hizkuntz koofizialak erabiltzeari?". Halaber, mezu horrek animatu egiten gaitu aipatutako galdetegi horretan parte hartzera, nonbait oraingoz ezetza irabazten ari delarik, baiezkoari bultzada bat emateko. Argazkian, Euskal Herrian Euskarazek iazko ezabaketa egunean jarritako pankarta / © EHE.

Espainiako Konstituzioak honelaxe definitzen du Senatua, hitzez hitz: "Lurraldeak ordezkatzeko ganbera da Senatua". Espainiako Konstituzioaz ari garelarik, argi dirudi Espainia delakoa osatzen duten herriak direla testu konstituzionalak aipatzen dituenak. Hau da, Espainia nazio bat da, eta hainbat lurraldek osatzen dute –Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea barne–. Horrenbestez, ikuspuntu horretatik –ikuspuntu autonomista / erregionalista batetik– hizkuntza bat ofiziala bada Espainiako herrialde batean, Senatua lurraldeak ordezkatzeko tokia denez, logikoa dirudi hizkuntza bera ofiziala izateak ganbara garaian ere.

Baina logika erregionalista horren barruan, hainbat adibide bururatzen zaizkit niri. Esate baterako, Espainiako lurraldeak badira Euskal Herriko hegoaldeko probintziak -non euskara ofiziala den- Euskal Herritik alde egitearen ordez, ez genuke aldarrikatu behar hemen destinatuta dauden guardia zibilek eta polizia nazionalek euskaraz jakitea? –hala bada, "alde hemendik" barik, "Guk euskaraz zuk zergatik ez" idatzi beharko litzateke Euskal Herriko komisarien inguruetako hormetan?–. Edo, beste adibide bat: Espainiar Estatua baldin bada nazio bat hainbat nazionalitatez osaturik, Espainiako erregeak ez lituzke sartu behar koofizialak diren hizkuntza horiek ere bere Gabonetako berbaldi horretan?...

Horiek bezalako hamaika adibide aipa litezke onartuta Euskal Herriko hegoaldeko probintziak –eta penintsula iberiarrean dauden beste nazioak ere– Espainiako lurraldeak direla; hau da, ikuspegi erregionalista batetik. Alabaina, ni ez naiz erregionalista, baizik eta independentista, eta ikuspegi independentista batetik aipatutako adibide guztiak zentzurik gabeko txorakeri hutsak baino ez dira.

Gauzak horrela, tentuz ibili behar da bakoitzaren iritzia ematekotan, eta ez genuke ezer izenpetu behar hutsaren peskizan. Norberaren izena testu baten behean jarri baino lehen, edota Interneten zerbaiten alde klik egin aurretik, hausnarketarako tarte bat utzi beharko genuke. Darabilgun kasu honetan, adibidez, gerta liteke euskararen aldeko ekimenaz jantzita datorkigun proposamenak bestelako asmoak ere ekartzea berez. Borondate oneko euskal zalea, "El Pais"-eko inkestan baiezkoa ematean, intrintsekoki onartzen ari da indarrean dagoen eredu autonomikoa, zeren, gorago esan legez, Espainiako Senatua Espainiako lurraldeak –autonomiak– ordezkatzeko ganbara baita; eta euskal zale zintzo arduratu hori euskal zalea izateaz gain independentista ere baldin bada… ah ze komeria!

Hortaz, erregionalismo hutsa barik independentzia baldin bada helburua eta aldarrikapena, mintza daitezela Espainiako Erakundeetan nahi duten hizkuntzaz –Espainia existitzen baldin bada, jakina–, independentistok ez daukagu hitzik auzi horretan, ez da gure arazoa, eta euskal zaleok hamaika fronte dugu zabalik euskararen alde egiteko, Espainiako Senatua baino.

Esanak esan, euskal zale hori, menturaz testu honetan aipatutako mezua zure postontzi birtualera heltzen bada, "El Pais"-eko inkestan zure iritzia eman aurretik egiozu galdera bat zure buruari: zer naiz ni, erregionalista ala independentista?.

Daniel de Miguel Avecilla (Euskal zale independentista)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun