Izan ere, sorkuntzaren jabego publikoan eta "batasunak indarra dakar" dioen esaera zaharrean sinetsita, egiten dugun lan guztia copyleft lizentzien pean argitaratzen dugu. Eta pozgarri egiten zaigu lan hori baliatzen dela ikustea. Horren adibide dira Zuzeu.com-ek, "Gaztezulo"-k, euskal Wikipediak, "UK" aldizkariak, ALBEk, Etengabek eta abar luze batek erabilitako irudiak.
Baina dena ez da poztasuna izan, zuen argazki-oinak begiratuta gure komunikabide txikiaren sinadura egon behar zen lekuan "GARA" apal bana agertu delako. Ez dakigu kazetaritzak hainbestetan behartzen duen arintasunagatik edo ezagutza faltagatik izan den hori, baina gure lizentzia irekiak eskatzen duen atribuzioa edo egile aitortza ez da gorde. Gauzak horrela, egilea ikusezin bihurtuz, gure lana erabili bai baina baloratu ez dela egin sentitu dugu. Iazko Nafarroa Oinez jairako Joseba Sarrionaindiak idatzitako abestiak zioenez, "txikiak ere baditu oinak, handienak haina", eta guk ere "Gara"k eta agentziek merezi duten errespetu bera merezi dugulakoan gaude.
Hori dela eta, hurrengoetan gure lanarekin zein sorkuntza publikoan sinesten duten beste komunikabide, sortzaile eta eragileen lanarekin finago ibiltzea eskatzen dizugu.
Jaso ezazu besarkada bero bat,
UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalaren erredakzio kideak
Aipatutako argazkiak