Txakurren gorotzak batzeko poltsa biodegradagarriak eskuragarri jarri ditu Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 9a, 19:34

Garbitasuna eta txakurren jabeen gizalegezko portaera sustatze aldera, herrian zein komunikabideetan hedapena izango duen kanpaina berri bat jarri du martxan Sopelako Udalak. "Garbi nahi zaitut!" lelopean, txakurren gorotzak kale, plaza eta parkeetan uzteak eragiten dituen arazoen gainean arreta piztu nahi du tokiko erakundeak. Udal arduradunek azaldu dutenez, "ez da garbitasun arazoa bakarrik, istripuak eragiten ditu, gaixotasunak transmititzen ditu pertsona eta animaliei, kaleak garbitzea zailtzen du eta, azkenik, gure herriaren irudi txarra hedatzen du". Horrezkero, txakurra duen pertsona orok eskura izango ditu gorotzak batzeko poltsa biodegradagarriak eta konpostagarriak. Horiek biomaterialez eginda daude eta sei hilabeteetan konpost bilakatzen dira. Horrela, plastikozko poltsek uzten duten aztarna ekologikoa saihestu egingo dute. Poltsak udaletxean eskuratu ahal izango dira, animaliaren errolda txartela aurkeztuta edo, bestela, une horretan bertan erroldatuz. Argazkian, Getxo udalerrian ondoko zinta jarri zuen tokiko erakundeak 2007an, txakurren jabeak arazoaz ohartarazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun