Mikel Olasagasti: "Mundurat itzaltzen"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko aza. 9a, 20:12

Mikel Olasagasti - gaur8.info] Gaurkoan omenaldi txiki bat egin nahi nuke. Orain dela bederatzi urte pasatxo hasi genuen Mundurat proiektua eta bere ibilbidea amaitu berri du. Nire uste xumean Euskal Herriak sarean duen historiaren zatitxo bat izango da Mundurat. Ziur naiz zuetako askok edo denek, jakingabe ere, informazioren bat eskuratu duzuela bertatik. Proiektua itxi aurretik orain arte zertan ibili den azaldu nahiko nuke, oroigarri moduan edo. Mundurat izena 2002koa den arren, 2001an jaio zen proiektua Zarautzen, nire logelan.

Etxeko ADSL konexioak IP finkoa zuen, garai hartan normala zen moduan, eta etxera zakarretara bidean zen zerbitzari bat iritsi zen. Konexioa Telefonicak garai hartan eskaintzen zuen ADSLrik normalena zen: 256/128 kbps. Hau da, 32 eta 16 KB ziren abiadurak. Etxe askotan oraindik modemak ziren errege, eta, 16 KBko abiadurak, modem horiei webguneak ohituta zeuden abiadurara eskaintzen zizkien: oso motel.

Zerbitzaria, nola ez, GNU/Linux pean instalatu genuen, Debian Woody batean, eta "koletito" izena jarri genion, parranda bateko txantxa baten ostean. Laguntza behar izan nuen horrelako kontuetan guztiz ezjakina nintzelako. Gure hasierako intentzioa herriko eragileei doako ostalaritza zerbitzu duin bat eskaintzea zen, garai hartan horrelakorik ez zelako. Ez Flickr, ez Youtube, ez Wordpress, ez ezer. Gu, aldiz, nire gurasoei esker nituen baliabideak erabilita, zerbait txukuna sortzeko moldatu ginen. Herriko zenbait taldek eta lagunek gustura hartu zuten txoko bat disko gogorrean, baina pixkanaka herritik kanpora zeuden proiektuak iritsi ziren, musika talde ezagunen baten webgunea bera ere tartean.

Pixkanaka proiektua geroz eta serioago eta beharrezkoagoa bilakatu zen, eta, ondorioz, konexioa eta makina motz geratzen hasi ziren. Gogoan dut kanpoan ikasten nenbilela birus baten ondorioz makina hilabete itzalita mantendu behar izan genuenekoa. Bai, birusa eta Linux... hori ere guri gertatu behar. Herriko lagun batek (aupa, hi!) eskua bota eta ahal zuenean dena konponduta eta txukun-txukun utzi zuen, baina kaltea egina zegoen. Zerbait hobean pentsatu beharra zegoen.

Makina etxetik atera eta hor nonbait kokatu genuen, konexio hobea zuen toki batean. Etxean gustura geratu ziren egun guztia piztuta zegoen makinarik gabe. Nire lo orduak ere lasaiagoak bilakatu ziren haizagailuen zalapartarik gabe. Konexio berria primeran etorri zitzaigun, baina makinak mugatu egiten gintuen oraindik ere.

Ahal genuen moduan iraun eta asanblada birtual eta fisiko pare baten ondoren, hainbat ekimen antolatu genituen finantziazioa lortzeko asmoz. Lortu eta erantzun. Makina dotore bat lortu, "argala", eta berriz mugitu ginen, oraindik eta hobea izango zen kokaleku batera, gaur arte. Oraindik makina hori daukagu martxan toki prekarioan, baina azken egunak ditu hauek. Antolakuntza egonkor eta indartsu baten faltak eraginda, eta, urte askotako baiezkoen ostean, gaur egungo egoera kaos hutsa da. Denbora geroz eta gutxiago, eta proiektu kopuruaren gorakada etengabea. Noizbait eztanda egin behar zuen eta iritsi da horren unea. Errudunik bada, zati handi batean ni neu naizela esango nuke, lanak behar bezala ez banatu izanagatik-edo; baina tira, ez da faktore bakarra izan, beraz, ez dut nire burua zintzilikatuko. Egindako lanaz eta emandako izerdiaz harro nago, eta proiektuan parte hartu duten guztiek ere horrelaxe egon beharko lukete, oso harro.

Beraz, hauxe da Mundurat proiektuaren ibilbidea zeharka, lerro gutxitan azalduta. Ehunka lagunei eman behar dizkiet eskerrak proiektuan parte hartu dutelako, nahita edo nahigabe, interes handiz edo beharrak asez. Mila esker, beraz, hor egon zareten denoi eta beste proiekturen batean ikusiko gara. Gora Mundurat!

Mikel Olasagasti informatikari zarauztarrak pasa den ostiralean gaur8.info webgunean argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun