Kantauri isurialdea azken orduetan astindu duen denborale gogorrak 20.000 euroko kalteak utzi ditu Getxo udalerrian, Udalak egindako lehenengo balorazioaren arabera. Galera handienak Ereagako pasealekuan izan dira, Algortan. Atzo goizean hondartza ondoko hormatxoko 70 bat metrotan kalteak izan ziren. Tokiko iturriek zehaztu zutenez, hainbat lekutan, goi aldeko babes-baranda eta harri zatiak bota dituzte bertara iritsitako olatu handiek; batez ere, goizeko 6ak aldera, itsasgorarekin batera. "Zorionez ez da inolako ezbehar pertsonalik egon udalerrian. Denboraleak eragindako kalteak materialak izan dira; itxuraz handiak, baina ez oso larriak", adierazi du Josu Loroño Komunikazio zinegotziak. Alderik kaltetuena Igeretxe hotela eta La Terraza udal eraikinaren artean dagoen tartea izan da, une batzuetan olatuek udal eraikinaren gainetik igaro baitziren. Ondorioz, lokalaren kanpoko terraza babesten duen itxiturako kristal batzuk apurtu ziren. Getxoko Babes Zibilak ezarritako aurrezaintza neurriak indarrean jarraitzen dute. Ildo horretan, oraindik ere, itsaso ondotik ez paseatzea zein autoz ez joatea gomendatu dute. Itsasargirako pasealekua itxita dago oraindik, baina Portu Zaharrerako sarbide guztiak zabalik daude jada. Argazkian, udal langileak atzo Ereagan lanean / ©
Getxoko Udala.