Gaur onartutako adierazpen instituzionala:
Gaur, herri honen historian lehenbiziko aldiz, garrantzi handiko egun bat ospatzen dugu. Azaroaren 10a Memoriaren Eguna da eta izango da Euskadin. Eta egun honetan, hauxe aldarrikatu nahi dugu:
1. Euskal herritarrok eskubidea dugu elkarrekin bakean eta askatasunean bizitzeko, totalitarismoaren, indarkeriaren eta bazterketaren mehatxurik gabe. Terrorismoa amaitzea eta bakea lortzea lehentasunezko helburua du euskal gizartearentzat eta haren ordezkari diren instituzioentzat.
2. Euskal gizartea eta haren instituzioak ahalegin guztian ari gara terrorismoaren biktimen memoria bakezko etorkizun baten erreferente bihur dadin, askatasunean, tolerantzian, justizian eta pluralismoaren errespetuan oinarritutako etorkizuna helburu.
3. Memoria ez da indarkeria terrorista sufritu duten pertsonen oinarrizko eskubide bat bakarrik. Funtsezko argudio bat ere bada, gertatuaren kontaera partekatu eta egiazko bat osatzen lagunduko duena, biktimaren begiradaren bitartez; kontaera bat non indarkeria eta haren justifikazioak baztertuko diren eta indarkeriaren biktimei aitormena egingo zaien, behin betiko, herritarren arteko harmoniazko garai berri batean.
4. Memoriak izenak eta datak jartzen ditu terrorismoak ezinezko aitzakiak eta justifikazioak jartzen dituen lekuan. Memoriak sufrimendu bidegabearen akta egiten du eta zigorgabetasunarekiko tolerantzia oro eragozten. Memoriak, hitz batez, ahanztura behartu edo interesatuaren lilura tentagarritik begiratzen ditu herritarrak.
5. Terrorismoaren biktima guztiak ditugu gaur gogoan, salbuespenik gabe: ETAk sortutako izuaren biktimak, bera baita euskal herritarren arteko elkarbizitza oraindik ere mehatxupean daukan talde terrorista bakarra; eta, halaber, GAL, Batallon Vasco Español eta beste talde bortitz batzuen indarkeria kriminalak eragindako biktimak, zeren eta taldeok, une honetan iragana badira ere, aitormen eta erreparazio bera merezi duen sufrimendua sortu baitzuten.
6. Memoria zaintzea da egin dezakegun zerbitzurik onena gure artean ez daudenen alde eta terrorismoaren biktima guztien sufrimendua arintzeko. Geure gogoan ditugularik denak, orain, baina batez ere gogoan dugularik etorkizuna, zeren eta biktima guztien memoria zaintzea lagungarri izango baitzaigu bakezko eta askatasunezko etorkizuna lor dezagun, denon artean elkarbizitza jator bat izateko.
7. Gaurko egun hau, azaroaren 10a, guztion ondare dugu dagoeneko. Denon urteurrena dugu azaroaren 10a. Gaurtik aurrera, ospakizun honek gogora ekarriko digu zer gertatu den eta zerk ez duen, inoiz, gertatu behar berriro. Indarkeriaren biktimak ez daitezen izan, gainera, ahanzturaren biktima. Haien oroitza bizirik edukiz, fedea eta itxaropena izan dezagun denontzako etorkizun hobe batean.
Getxon, 2010eko azaroaren 10ean.