Azaroaren 19an, berriz, talde dinamika tailerrean parte hartu ahal izango dute gazteek. Besteak beste, tratu txarrei buruzko hausnarketa egingo dute, 20:00etatik aurrera, Berangoetako areto nagusian. Ekitaldi nagusiari dagokionez, hilaren 25ean egingo dute, 18:45ean, Berangoetan bertan, adierazpen instituzionala irakurrita. Anabel Landa alkateak eta Ane Miren Ayo tokiko Berdintasun arduradunak parte hartuko dute horretan. Ondoren, musika emanaldia eskainiko du Impromptu taldeak. Bestalde, genero indarkeriaren kontrako hainbat kartel erakutsiko dituzte kultur etxean. Erakunde publiko zein pribatuei eskatutako lanekin osatu dute mostra, udal iturriek nabarmendu dutenez.
Horri guztiari batu behar zaio Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatean sustatutako kanpaina, Berangoko Udala lagun duela. Horri esker, puntu lila erakutsiko dute saltoki eta ostalaritza establezimenduek. Beste alde batetik, iaz "Berangoko emakumeak: atzo, gaur eta bihar" izeneko kanpainak batutako argazkiak 2011ko egutegia argitaratzeko erabili dituzte. Lau orrialde izango ditu, goiko aldean 130 irudi baino gehiago agertuko direla. Euro batean egongo da salgai.
Doako aholkularitza juridikoa
Uribe Kostako Mankomunitateak emakumeen eskura du aholkularitza juridiko zerbitzua, Berangoko Udalak gogoratu duenez. Zazpi udalerriz osaturiko erakundeak gida argitaratu du, "askotan ez dagoelako argi tratu txarrak zer diren". "Indarkeria fisikoari buruz ari garela ulertzen dute askok", zehaztu dutenez. Argitalpenak zalantzak argitzen saiatzen da: tratu txarrak ez dira bakarrik "zure bikotekide edo bikotekide ohiak kolpatu, iraindu, mehatxatu edota umiliatzen zaituenean". Beste adibide batzuk ematen ditu: "zure familia ikusten edo zure lagunekin harremanetan jartzen uzten ez zaituenean; lan egiten edo ikasten uzten ez zaituenean; irabazten duzun dirua kendu edo zure edo zure oinarrizko beharretarako behar duzuna ematen ez dizunean; kontrolatzen zaituenean, eraso egiten dizuenean edo zure ordez erabakitzen duenean; zure izen ona galarazten edo zure jardunei iseka egiten dienean; hitz egin gabe zigortzen zaituenean edo zuk diozunaren aurrean gor geratzen denean; etengabe duzun balioa kentzen dizunean, beste pertsona batzuk aurrean egon edo ez egon; edota koitoa egitera behartzen zaituenean".
Informazioa eskuratzeko, Udaltzaingora (94 668 29 33 edo 652 772 552), emakumeen tokiko elkartera (94 668 01 20) edota Mankomunitatera (Berdintasuna 946 579 282) jo daiteke. Horretaz gain, laguntza ekonomikoak, psikologikoak zein sozialak eta Mankomunitateak eskaintzen duen doako aholkularitza juridiko zerbitzua ere badaude. Tratu txarrak jasatekotan, laguntza eskatu behar dela gogoratzen du gidak, "ez zarelako bakarrik egongo".