Argazkiak ordaintzea ere eskaini du "Gara"ren zuzendariak, baina UKBERRI.NETetik ez dugu eskaintza onartu, gure filosofia oso bestelakoa baita eta gure argazkiak, testuak bezala, askeak baitira.
Hori dela eta, berretsi diogu gure argazkiak libreki erabiltzeko aukera, beti ere dagokien sinaduraz lagunduta. Juaristik hitza hartu eta berea ere eman digu, sinatu gabeko argazkiak errepika ez daitezen arreta gehiago jarriko dutela esanik.
Azkenik, kontu bakar batean ez gara jarri ados "Gara" eta UKBERRI.NET. Haien ustez, ez zen beharrezkoa kontu hau publikoa egitea. Bidalitako posta elektronikoak erantzun ez izana, egunero jasotzen dituzten ehunaka mezuengatik arrazoitu dute, eta arazoa telefonoz konpon zitekeelakoan daude.
Dena den, emandako hitza "Gara" egunkariari eta bere langileei publikoki eskertu nahi diegu. Bereziki, Josu Juaristiri eskerrak ematen dizkiogu, pertsonalki afera honetan eskua hartu izateagatik.
UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalaren erredakzio kideak