Larunbat honetan, azaroak 13, Ibaizabalgo uretan murgilduko da berriro
Itsasoruntz, "egun bizi dugun egoerari bultzada emateko, elkarrizketa sustatzeko". Goizeko 10:30ean jarri dute hitzordua, Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, itsasadarreko bi aldeak giza-katez lotzeko asmoz. Hori lortzeko, gutxienez, bustiko diren ehun lagun behar zituztela adierazi zuten duela bi aste antolatzaileek. Bada, dagoeneko 125 lagun inguruk eman dute izena. Horrek ez du esan nahi "bustitzeko" aukerarik egongo ez denik. Ez daukatenentzako surf ohola ere jarriko du Itsasoruntzek. Hori bai, kamiseta gorria, berdea edo zuria jantzi beharko dute parte hartzaile guztiek, "Bizkaiko Zubi inguruak konpromiso, esperantza eta bake eta justiziaren koloreez tindatzeko". Argazkian, Aste Nagusian itsasadarrean gora joan ziren Itsasoruntzeko kideek / cc-pd Itsasoruntz.